Kotizazioek eta zerga batzuek gora egin dute

2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Urte berriarekin batera indarrean jarri dira Gizarte Segurantzaren kotizazio kuota berriak. Langile autonomoen kopuru handi batek gutxieneko kopurua kotizatzen du, eta horiek hiru euro gehiago ordaindu beharko dituzte hilero, 289 euroraino. Gehienezko kuota ordaintzen dutenek, berriz, hamabi euro gehiago pagatuko dituzte, 1.245 euro. Kotizazioa handitu ahala, handitu egiten dira eskubideak eta erretirora iristean, baita pentsioa ere.

Zergei dagokienez, Espainiako Gobernuaren azken erreformak ez die ia eragingo Hego Euskal Herriko herritarrei, batez ere zerga zuzenak ukitu dituelako Madrilek, eta horien gaineko eskuduntza dutelako foru ogasunek. Zeharkako zergetan, ordea, Espainiako erakundeek dute azken hitza, eta horren ondorioz, igo egingo da edari freskagarrien gaineko BEZa, %10etik %21era. Gasolioaren gaineko zerga ere handitzeko asmoa zuen Espainiako Gobernuak, baina atzera egin zuen, EAJk halakorik ez egiteko baldintza gisa jarri ziolako 2021erako estatuko aurrekontuak onartzearen truke.

Prezio arautu batzuetan ere izan da aldaketarik, baina aurreko urte batzuetan baino kalte txikiagoa egingo diete herritarren patrikei. Inflazioa negatiboa izateak —Espainian,-%0,5—, prezioak izoztera eraman ditu hainbat erakunde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.