Hipoteka berriak urritu egin dira, 2014tik lehen aldiz

Lau lurraldeetan %2,5 egin dute behera, eta Nafarroan gehien: %9,4. Maileguen batezbestekoa 122.079 euro da

2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
DONOSTIA. 2014tik lehen aldiz, behera egin du hipoteka berrien kopuruak Hego Euskal Herrian. %2,5 gutxiago izan ziren iaz, 2018koekin alderatuta. Nafarroan nabaritu da gehien, %9,4 gutxitu baitira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, pixka bat igo da: %0,6. Hipoteken interes tasak azken bost urteetako apalenak izateak ez ditu animatu bezeroak. Baliteke etxebizitzak garestitu izanak (%4,8) zerikusia izatea. Salmentetan nabaritu da, halaber: %4,8 gutxiago.

INE Espainiako Estatistika Institutuak eman ditu datuok. Iaz, 22.570 hipoteka eman zituzten bankuek, 2018an baino 337 gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 18.278 sinatu ziren, 109 gehiago. Nafarroan, berriz, 4.292 (446 gutxiago).

2011n hasi ziren nabarmen gutxitzen, eta 2014an jo zuten behea: 15.719 hipoteka. 2015etik aurrera hasi zen goranzkoa: %20 ugaritu ziren, baina joera apalduz joan zen —2016ko %8,6tik, 2018ko %4ra—. Iazkoak dira lehenengo zifra negatiboak azken bost urteetan.

Hipoteken interesak, berriz, inoizko txikienak dira orain ere, nahiz eta 0,03 puntu igo diren 2018tik. Iaz, %2,46 zen batez beste; 2014an, %4,13. Euriborra, berriz, zero azpitik dago 2015etik (-%0,356 iazko abenduan).

Hipoteka motei dagokienez, interes tasa aldakorrekoak dira nagusi: %57. Baina urtetik urtera nabarmen igo dira interes finkokoak: iaz %43; 2015ean %10.

Hipoteken batezbestekoa, berriz, 122.079 euro da. 2016an eta 2017an, 125.000 euro zen. Krisiaren aurretik, 2008an, 157.000 euro. Batez beste, 21 urterako hipotekak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.