Koronabirusa

Nafarroak zabaldu egin nahi ditu ostalaritzaren ordutegiak

Izurriari kontra egiteko hainbat neurri ostiraletik arintzeko asmoa du gobernuak. Epaileen onespena beharko du.

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
IRUÑEA. Izurritearen bilakaera onbidean dela iritzita, gaur egun ezarriak diren mugak leuntzeko asmoa iragarri du Nafarroako Gobernuak. Gaur helaraziko diete mugak aldatzeko eskabidea epaileei, neurri berriak ostiralean ezartzeko. Gobernuak aurreratu duenez, aldaketek ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegietan eraginen dute batik bat: ordubete atzeratuko dute ostatuen itxiera ordua, hau da,02:00 arte izaten ahalko dira zabalik. Lizentzia bereziak dituzten lokalek 03:00 arte ematen ahalko dute zerbitzua; diskotekek eta dantzalekuek, 04:30 arte. Orain arte gisan, debekatua izanen da barran kontsumitzea.

Gainera, neurriek epaileen onespena jasoz gero, etxabeen erabilera baimendua izanen da atzera ere. Dena dela, baldintza batzuk bete beharko dituzte: agiri bat helarazi beharko zaie Osasun Departamentuari eta tokian tokiko udalari, erabilera egokia eginen dela adieraziz. Halaber, garraioan baimendua den gehienezko edukiera zabaldu nahi du Nafarroako Gobernuak: %75era handitu nahi dute muga, eta gogorarazi dute ezinbestekoa izanen dela aireztatze egokia bermatzea.

Edonola ere, neurriok Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena beharko dute. Hura lortuz gero, ostiralean ezarriko dira, eta irailaren 30era arte izanen dira indarrean, gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.