Pasaiako Portuko presidenteak dimisioa eman du

Felix Garziandia. PASAIA PORT.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
PASAIA. Felix Garziandia Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak dimisioa eman du, erakundearen gobernuan eta kudeaketan «autonomia falta nabarmena» izan duelako. Dimisio horri Cesar Salvador portuko zuzendariarena gehitu behar zaio: hilaren 17an dimititu zuen.

Garziandia 2018ko urtarrilean izendatu zuten, eta ordutik «zailtasun asko» izan dituela azpimarratu du; «bereziki, giza baliabideen arloan». Aurkitu zuen egoera dela-eta lantaldean «doikuntzak» egin behar izan zituela gogoratu du, eta horregatik «eraso desatseginak» pairatu zituela. «Horrek balio izan zuen nire lintxamendu mediatikoa bilatzeko».

Garziandiaren esanetan, agintera iritsi zenean «ia erabateko paralisian» zegoen portua. Bi urte eta erdi geroago bere kudeaketak «ageriko emaitzak» eman dituela adierazi du. «Oinarrizko azpiegituretan inbertsioak egin ditugu, eta lortu dugu etorkizuneko proiektu bat definitzea eta martxan jartzea, lehen aldiz urte askotan».

2020a ez doa erraz portuarentzat. Urtarriletik ekainera, salgaien trafikoa %16,9 murriztu da; Bilboko portukoa baino askoz handiagoa ( %6,82) da hori. Eroriko esanguratsuenak arlo hauetan izan dira: autoen garraioan (-%31) eta burdinaren eta txatarrarenean (-%13).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.