Alvaro Uribe aske uzteko agindu du epaile batek

Ebatzi dute ezin dutela askatasunez gabetu Kolonbiako presidete ohia karguak egotzi gabe

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
BOGOTA. Bogotako bermeen kontrolerako epaile batek Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohia etxeko atxiloalditik askatzeko agindua eman zuen atzo, argudiatuta ezin dutela preso hartu karguak egotzi gabe. Erabakiari helegitea jarriko diote.

Abuztuaren 4tik dago Uribe etxeko atxiloaldian, Auzitegi Gorenak emandako agindu baten harira. Fiskaltzak aste honetan eskatu du hura aske uzteko. Presidente ohiari prozesu iruzurra eta lekukoen eroskeria leporatzen dizkiote.

Uriberen atxiloketak 2012an du jatorria. Bloque Metro izeneko talde paramilitarreko kide izateagatik kondenatu zuten Uriberen lursail bateko langile ohi batek presidente ohiari eta haren anaiari leporatu zien Bloque Metroren sortzaile izatea.

Uribek akusazioak ukatu zituen, eta ikertzaile pribatu batek eginiko txosten bat aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Txosten horretan, hainbat lekukoren testigantzak bildu zituen, informazioa argitaratu zuen Ivan Cepeda senatariak Uriberen kontra deklaratzeagatik diru eskaintzak egin zizkiela ziurtatuz. Auzitegi Gorenak, Cepedaren aurkako salaketa baztertu, eta Uribe ikertzeari ekin zion 2018an.

Horiek horrela, Uriberi Auzitegi Gorenaren epai baten ondorioz ezarri zioten etxeko atxiloaldia, senatari gisa, eta 2018az geroztik 600 Legearen bidez ikertzen ari dira. Hala ere, Uribek Senatuko eserlekuari uko egin ostean, Gabriel Ramon Jaimes Duran fiskaltzaren ordezkariak esan zuen 906 legeriarekin arautzera pasatu behar dela kasu hori. Hori babestu du epaileak, eta ebatzi du modu horretan askatasuna gabetzeko beharrezkoa dela aldez aurretik karguak egozteko entzunaldia egina izatea. Hori ez da betetzen, eta, beraz, Uribe aske uzteko agindu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.