Ostalaritzan hamar langiletik lau behin-behinekoak dira

CCOOk dio sektoreko langileen %70 emakumeak direla Nafarroan, eta %29 kontratu partzialarekin ari direla

Taberna bateko zerbitzari bat lanean. ARITZ LOIOLA / EFE.
2022ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Ostalaritzan oso zabalduak daude behin-behineko kontratuak, eta horietako asko partzialak dira, asteburuko jarduera handiagoari erantzuteko. Bada, CCOO sindikatuak kopuruak jarri dizkio sektorearen prekaritateari Nafarroan. Tabernetan eta jatetxeetan aritzen diren langileen %40k behin-behineko kontratua dute, sindikatu horren azterketari jarraikiz. Gainera, hamar langiletik kasik hiruk kontratu partziala dute, eta sektore feminizatua dela berresten duen datu argia ere islatu du azterketak: hamar langiletik zazpi emakumeak dira. Prekaritatea ez ostalaritzan, aski da izenburua dauka sindikatuak plazaratutako txostenak.

Nafarroako CCOOko kide Ruben Belzunegik nabarmendu du azken hamarkadan «kontraesan handia» dagoela ostalaritzaren BPGaren hazkundearen eta haren enpleguaren kalitate eskasaren artean. «Lan prekaritatea kronikoa da sektorean», esan du. «Ostalaritza errentagarria den arren, oso soldata apalak eskaintzen ditu, eta lanpostu eskasak; azpikontratazioa eta arauak ez betetzeko joera daude horren atzean. Kontratazio partziala abusuz baliatzen da; lanaldiak luzatu egiten dira, eta ordainketa asko beltzean egiten dira». Horrek profesionalizatzeko arazoak sortzen ditu: «Beste lanpostu bat aurkitzeko behin-behineko lanbide gisa ikusten du beharginak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.