Tren eta autobus gehiago saldu ditu CAFek Italian

Zazpi metro unitate gehiago egingo ditu Napolirako, eta 300 diesel autobus, berriz, Erromarako

Cotralen Solaris InterUrbino hiriarteko autobus bat errepidean. CAF.
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
BEASAIN. CAFek hazten jarraitzen du, Italian itxi dituen bi kontratuei esker. Beasaingo enpresak lehendik ere bazuen presentzia merkatu horretan, eta aurretik zabalik zeuzkan bi kontraturi segida emateko balioko dute bi akordio berri horiek. 175 milioi euro baino gehiagoko bolumena dute bi kontratuen artean.

Gaur egun, CAF hamabi metro unitate fabrikatzen ari da Napolirako, eta, orain, beste zazpi eskatu ditu hango udalak. 2016. urtean adostu zuten bi enpresek lehen esparru kontratua, eta han jasota zegoen 60 milioi euroko zabalkuntza hori.

Bestalde, Solarisek —Poloniako autobus konpainia hori 2018an erosi zuen CAFek— 300 diesel autobus entregatzeko akordioa itxi du Erroman egoitza duen Cotral enpresarekin. Solarisek, 2016an, 360 autobus egitea adostu zuen Erromako konpainiarekin, eta kontratu berriak harreman horri jarraipena emango dio. Hiriarteko 300 autobusen hornikuntzaz gain, CAF taldeko enpresaren kontu egongo dira mantentze lanak hamar urtez; Beasaingo enpresak 117 milioi inguru jasoko ditu trukean.

Kontratu horiek ez dira CAFek Italian sinatu dituen lehenengoak. Erromako metroaren hornitzaile nagusietako bat da, eta beste zenbait proiektu ere garatu ditu Triesten, Barin eta Sardinian. Errepideko ibilgailuei dagokienez, Solarisen 1.000 ibilgailu baino gehiago dabiltza Italian zehar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.