Ion Izagirre garaile Espainiako erlojuaren aurkako txapelketan

Lourdes Oiarbide hirugarren izan da, eta 23 urtez azpikoetan Igor Arrietak lortu du garaipena

2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
TXIRRINDULARITZA. Tourrari begira sasoi onean dela berretsi du Ion Izagirrek (Astana).Atzo garaipena lortu zuen Espainiako erlojupeko txapelketan. Iazko txapelduna, Peio Bilbao (Bahrain), bosgarren geratu zen.

32 kilometro zituen ibilbideak, eta estua eta irekia izan zen lehia. Faborito nagusia , Luis Leon Sanchez(Astana), ez zen irteera arrastoan izan, eta horrek zabaldu egin zituen aukerak. Azken txanpan lortu zuen garaipena Izagirrek. Bost ehuneneko atera zizkion David De la Cruzi (UAE Emirates). Artean, mugarrietan hark egin zituen denbora onenak. Baina haren erreferentziak ondo baliatu zituen Izagirrek azken kilometroetan estutzeko, eta garaipena eskuratzeko. 40.20.05eko denbora egin zuen. Hirugarren izan zen Carlos Rodriguez (Ineos). Atzoko lasterketan txirrindularitza egokituan aritzen den lasterkari bat aritu zen estreinakoz, Laboral Kutxako Eduardo Santas.

Izagirre ez zen izan, hala ere, podiumera igo zen euskal herritar bakarra. Lourdes Oiarbide hirugarren sailkatu zen emakumezkoen proban. 2017an garaipena lortu eta 2019an bigarren geratu eta gero, brontzezko dominarekin konformatu behar izan zuen, Mavi Garcia garailearengandik 1.09ra. Euskalteleko Idoia Eraso, Eukene Larrarte eta Usoa Ostolaza bederatzigarren, hamaikagarren eta hamabigarren sailkatu ziren hurrenez hurren. 23 urtez azpiko proban, Igor Arrieta izan zen txapeldun, eta Enekoitz Azparren hirugarren. Gaur ekingo zaie errepideko probei, 23 urtez azpikoenak eta emakumezkoena jokatuko dira; bihar, berriz, gizonena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.