Espainiako Kopako finala ateak irekita jokatzea adostu dute

Espainiako Federazioak baldintza bakarra jarri du: datorren sasoiko finala baino lehenago jokatzea

Realaren eta Athleticen banderak eta Espainiako Kopako garaikurra, finala jokatu behar zen egunean, apirilaren 18an. JON URBE / FOKU.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
FUTBOLA. Realaren eta Athleticen arteko Espainiako Kopako finala zaleekin jokatuko da. Hala adostu zuten atzo bi klubeetako ordezkariek eta Espainiako Futbol Federazioak. Jokin Aperribai eta Aitor Elizegi Realeko eta Athleticeko presidenteak Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidentearekin bildu ziren, eta biek eskatu zioten finala «publikoki eta ofizialki, ateak irekita, eta hiru aldeek adostutako data zehatz batean egin ahal izatea». «Bi kluben nahia eta borondatea beti izan da, orain eta lehen, finala gure zaleen aurrean jokatzea. Hori da gehien gustatuko litzaigukeena. Kopako final bat gure zaleak harmailetan daudela», zioten agiri bateratu batean.

Era berean, bi klubek eskatu zuten Espainiako Federazioak bermatzeko kopako finala txapelketa ofizial gisa jokatuko dela, eta titulu ofizialtzat hartuko dela. Horretarako, Federazioaren Batzar Nagusiaren Ordezkari Batzordean (hurrengo bilera ostiral honetan egingo du, ostiralean) egutegia aldatzeko erabakia har dezala eskatu diote Espainiako Federazioaren Idazkaritza Nagusiari, Kopako finala titulu ofizial gisa jokatu ahal izateko, «bi taldeetako zaleen babesarekin eta berotasunarekin».

Erabaki horrekin, Athleticek eta Realak «futbolean mundu mailan egin daitekeen kirol ekitaldirik entzutetsu eta tradiziodunenetako bat balioetsi nahi dute, bakarra edizio honetan, eta kirol zoragarri honen benetako funtsa eta izateko arrazoia diren bere jarraitzaile, abonatu eta bazkideekin batera egin nahi dute».

Espainiako Federazioak onartu egin zuen eskaera, eta baldintza bakarra jarri zuen: datorren sasoiko finala baino lehenago izatea. 2021ean jokatuko da, ziurrenik 2020a amaitu arteko partidak ateak itxita jokatuko baitira.

Erabakiak ondorioak izan ditzake. Izan ere, Kopako txapeldunordea ez litzateke Europara joango, eta sasoi honetako zazpigarrenak hartuko luke tokia. Europako Federazioak agindu du txapelketa guztiak abuztuaren 3rako amaitzeko. Orduan zehaztuko du zer talde sailkatuko diren Europarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.