Segurtasun sistemak jartzeko hiru kontratu lortu ditu CAFek

Espainiako, Esloveniako eta Bulgariako trenbideen kudeatzaileek emandako lanek 120 milioiren balioa dute

Seinaleztapena, segurtasuna eta halakoak CAFen negozioaren %11 dira. CAF.
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
BEASAIN. CAF Signalling filialak asteazkenean lortu du azken kontratua, guztien artean mamitsuena, 80 milioi euro ekarriko dizkielako hari eta haren bazkideari, Frantziako Thalesi. Adif Espainiako sareko kudeatzaileak CAFek eta Thalesek osatutako partzuergoaren esku utzi zuen La Encina-Xativa-Valentzia (Herrialde Katalanak) tartean segurtasun instalazioak hornitzea. Azken bost urteetan Adifek segurtasun instalazioetan egindako inbertsiorik handiena da, eta abiadura arrunteko eta handiko trenbideak hornituko du. Segurtasun instalazioak hiru urteko epean amaitu beharko dituzte, eta hurrengo 25 urteetan CAF arduratuko da mantentzeaz ere.

Esloveniako Azpiegitura Ministerioak, berriz, Zidani Most eta Sentilj geltokien arteko 117 kilometroko tartea (Austriako muga artekoa) segurtasun eta seinaleztatze sistemak birgaitzeko lana eman die CAFi eta haren bazkideari, Esloveniako bertako Iskra konpainiari. CAFek azaldu duenez, «Iskraren erreleen katigamendu zaharrak CAF Signallingen katigamendu elektronikoekin ordezkatzea» da lanetako bat, eta horren bidez Esloveniako trenbide sareko zati horretako trenen maiztasuna eta segurtasuna handitu ahal izango dituzte. Europako Batasuneko funtsekin finantzatuko dute proiektua.

Distantzia laburrago bateko segurtasun eta seinaleztatze sistemak hornituko ditu CAFek, Bulgarian. Izan ere, hamabi kilometroko tartea baitago Sofia hiriburuko geltoki nagusiaren eta haren aldiriko Voluyak herriaren artean. Bulgariako AER enpresarekin egingo du lan CAFek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.