Kontinental profesional izango dela baieztatu du Fundazioak

Orbea bizikleta etxea ageriko da babesle nagusi gisa, eta urriko azken astean aurkeztuko dute egitasmoa

Euskadi Fundazioko txirrindulariak, aurtengo aurkezpen ekitaldian. J. M. / FOKU.
2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Euskadi Fundazioa Kontinental Profesional mailako taldea izango da2020. urtean. Zurrumurru ozena zena atzo baieztatu zuen, eta UCIren bigarren mailan lehiatuko da. Orbea-Fundazioa izenarekin hartuko du parte, bizikleta etxea izango baita babesle nagusia. Taldeak urriaren azken astean Bilbon egingo duen aurkezpenean emango ditu xehetasun gehiago.

Hilabeteak dira Euskadi Fundazioak pauso bat eman eta txirrindularitzaren hirugarren mailatik bigarrenera igarotzeko asmoa publiko egin zuela. Horretarako, baina, UCIren oniritzia behar zuen, eta talde laranjak atzo jaso zuen esperotako mezua. Tramite hutsa baino gehiago zen, Kontinental Profesional mailan aritzeko baldintzak ez baitira samurrak. Besteak beste, hiru zuzendari eta hamasei txirrindulari profesional izan behar ditu, eta bakoitzak 30.000 euroko soldata izan behar du gutxienez. Era berean aurrekontu osoaren %25 estaltzeko moduko segurtasun bermea jarri behar du UCIn.

Orbea etxea izango da babesle nagusia. Cofidis eta Vital Concept taldeetan egon ondoren, euskal egitasmo baten lehen babesle izango da berriz ere. Kirol azpiegiturari dagokionez, Mikel Landa da presidentea eta Jorge Azanza zuzendaria. Kontinental mailako taldeko hainbat txirrindularik jarraituko dute eta Euskadi-Muriasetik ere hainbat iritsiko dira. Egutegiari dagokionez, World Tour mailako proben gonbita jaso ahal izango du: Itzulia edo Klasikoa esaterako. Halere, zail izango du itzuli handietan sartzea, gonbitak lortzeko arautegia zorroztu baitu UCIk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.