DONOSTIA.Ikasleen artean lagunarteko euskara sustatzeko ikerketa ekintza bat aurkeztu dute Ikastolen Elkarteak, Huhezi Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Euskaltzaindiak: Arikala egitasmoa. Gazteen hizkuntza ohiturak aztertzea eta hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak sortzea du helburu. Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker saileko buruak azaldu duenez, gazteen ahozko komunikazioaren %80 inguru hartzen du hizkera informalak, baina orain arte gutxi ikertu da.
Hala, Arikala proiektuarekin, hura aztertu nahi dute, eta ikasleei hizkera informalak euskaraz garatzeko tresnak eta estrategiak eman. Hasteko, Euskal Herriko hamar ikastolatan euskarak zer toki hartzen duen aztertuko dute, eta euskara informala sustatzeko materialak prestatuko dituzte.
Era berean, material horiek probatuko dituzte, ikasleen hizkuntza ohituretan zer eragin duten aztertzeko. Emaitza horietatik abiatuta, moldaketak egingo dituzte etorkizunean baliabide horiek beste testuinguru batzuetan ere garatzeko. Izan ere, xedeetako bat da etorkizuneko testuinguru berrietan martxan jartzeko diseinuak egitea. Proiektua Mintzola egitasmoaren parte izango da. Euskaltzaindiak zuzendutako hizkeraren lantegia da hori.
Gazteek lagunartean euskaraz egiteko egitasmoa: Arikala
Ikastolen Elkarteak, Huhezik eta Euskaltzaindiak sortu dute; ikertzeaz gain, eragiteko tresnak garatu nahi ditu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu