Espainiak ez du legealdi honetan ezabatuko defizita

Gastu araua ere finkatu du; bere menpeko erakundeek gehienez %2,9 handitu ahal izango dute aurten gastua

Maria Jesus Montero eta Nadia Calviño, atzo, Madrilen. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Kontuak orekatzeko epea atzeratu du Espainiako Gobernuak. Indarrean dagoen egutegiak, Mariano Rajoyren gobernuak Europako Batzordearekin hitzartutakoak, esaten zuen Espainiak defizita izateari utziko ziola 2021erako. Oraingo gobernuak, berriz, ez du orekarik aurreikusi lau urteko legealdirako. Bere azken urtea izan daitekeenerako, 2023rako, BPGaren %0,9ko zuloa espero du.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak %1,8ko defizita espero du aurten, duela hilabete gutxi batzuk berak Bruselari esandakoa baino zazpi hamarren gehiago, eta Rajoyk agindutakoa baino 1,3 puntu gehiago. Azken kopuru hori «ezinezkoa» zela azaldu zuen Monterok. Ikusteko dago zer iritzi duen EBk, hari dagokiolako oniritzia ematea kopuru berriei. Ados ez badago, zigor prozedura zabal dezake Espainiaren aurka.

Defizit helburu berriak aukera ematen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari aurten %0,2ko defizita izateko—145 milioitik gora Gasteizek, 42 milioi Iruñeak—. Ikusteko dago erabiliko ote duten, zerga bilketa oparoei esker superabita izan baitute 2017an eta 2018an, eta bide horretan zihoazen 2019an ere.

Baina bere kontuak egitean bada defizitaren mugak baino gehiago baldintza ditzakeen faktore bat: gastu araua. Atzoko bileran, Madrilek finkatu zuen aurten gehienik %2,9 handitu ahal izango dutela gastua bere menpeko erakundeek.

Ekonomia moteltzea ere espero du Madrilek. Hazkunde iragarpena bi hamarren jaitsi du aurtengo —%1,6raino—, eta horrek berekin ekarriko du langabezia tasa polikiago jaistea —%12,3koa aurten lortu nahi zuen, baina orain dio 2023ra arte itxaron beharko duela—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.