Turkiako hiru diputatu atxilotu eta kargugabetu dituzte

Segurtasun nazionalarekin eta «terrorismoarekin» lotutako delituak egitea leporatzen diete

Atxiloketaren aurka eginiko protestak, atzo. STR / EFE.
2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
ANKARA. Turkiako oposizioko hiru diputatu atxilotu dituzte, herenegun parlamentari izaera kendu ostean, segurtasun nazionalarekin eta «terrorismoarekin» lotutako delituak egitea egotzita.

Horietako bat, Enis Berberoglu, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa alderdi laikoko kidea da, oposizio alderdi nagusikoa. Beste biak, berriz, Leyla Guven eta Musa Farisogullari, HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko koaliziokoak dira, hemizikloko hirugarren indarrekoak.

Hain zuzen, Turkiako Auzitegi Gorenak bost urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Berberogluri, «estatuaren agiriak ezagutarazteagatik». Bertan, herrialdeak Siriari babes ofizialarekin egindako armen trafikoa frogatzen duen kasu bat azaltzen zen.

Guven eta Farisogulla, aldiz, sei eta bederatzi urterako zigortu dituzte, hurrenez hurren, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura izateagatik. Gerrilla kurdu hori «terroristatzat» jotzen dute Turkiak, AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batasunak.

HDP alderdiak atzo salatu zuen «politika demokratikoaren aurkako errepresio lotsagabeak» bere osotasunean jarraitzen duela Turkian, eta gaineratu «demokrazia parlamentarioaren gaineko errepresio kolpista honek historia luzea» duela herrialdean. Atxiloketak gaitzesteko protestak ere egin zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.