Bankoa erosi du Galiziako Abanca bankuak

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Jabe berria izango du Bankoak. Frantziako Credit Agricoleren menpe izan da 1997az geroztik, eta Galiziako Abanca izango du nagusi berria, atzo iragarritako erosketarako akordioa ixten badute. Abanca bera Venezuelako Banesco bankuaren adar bat da. Bankoa erosita, Hego Euskal Herrian duen presentzia txikia —sei bulego baizik ez ditu— handitu nahi du Abancak. Aurten, Portugalgo Caixa Geral erosi du.

Bankoa 1975ean sortu zuten, Donostian. Industria bankua zen hasieran, nagusiki Gipuzkoako enpresa ertainei eta handiei finantzaketa ematera bideratuta. Beste euskal lurraldeetara ere hedatu da, eta bezero partikularren maileguekin egiten du orain negozioaren erdia.

Gaur egun 30 bulego ditu, horietatik 28 Euskal Herrian: hamazazpi Gipuzkoan, bederatzi Bizkaian, eta bana Araban eta Nafarroan. Banku txikia da—257 langile ditu, 40.000 bezero, eta 4.374 milioi euroren negozio kopurua—, baina errentagarria —zortzi milioi irabazi zituen iaz—, eta kaudimenduna —%13,16ko kapitala du, CET1 ratioaren arabera—. Abancak ziurtatu du oraingo kudeaketa taldeak jarraitu egingo duela. 2017az geroztik Jesus Suarez du kontseilari ordezkari.

Abancak eta Credit Agricolek bazuten aurretik harremana, azken bi urteetan aseguruen negozioa partekatu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.