Bederatzi lagun hil dituzte Irakeko Kurdistanen

2022ko irailaren 29a
00:00
Entzun
BAGDAD. Kurduen Eskualdeko Gobernuko Osasun Ministerioak atzo jakinarazi zuen gutxienez bederatzi lagun hil eta 32 zauritu zirela Irandik egindako bonbardaketetan. Iturri militar batek Efe berri agentziari azaldu zionez, jomugan izan zituzten, besteak beste, PKD Alderdi Demokratiko Kurdua eta PAK Kurdistan Askatzeko Alderdia. Irango Guardia Iraultzaileak gerora baieztatu egin zituen eraso horiek, «talde terroristen kontra» aritu zela azalduta; joan den astelehenean ere antzeko eraso bat egin zuen Irakeko kurduen kontra.

Teheranen arabera, alderdi horiek babesten ari dira asteotan Irango Kurdistanen hasi eta Iranera zabaldu diren protestak, Mahsa Amini 22 urteko gaztearen heriotzagatik. Moralaren Poliziak hilaren 13an atxilotu zuen Amini, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik. Poliziaren arabera, egun hartan bihotzeko bat izan zuen, Teherango komisaria batean, eta hiru egun geroago hil zen, ospitalean, hiru egunez koman egon eta gero. Gurasoek argi utzi dute ez zegoela gaixo atxilotu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.