Aireportuen kontrolari eutsi nahi diote Irakeko kurduek

2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
ERBIL. Irakeko Kurdistango Eskualde Autonomoak ez dio Bagdadi aireportuen kontrola eman nahi. Eskualde autonomoko parlamentuak baliogabetzat jo ditu Irakekoak emandako aginduak, eta pexmergek segurtasuna bermatzeko «aginte osoa» dutela adierazi du. Mulud Baua Murad Garraio ministroak esan du ez dutela «inolaz ere onartuko» Bagdaden kontrola. Irakeko Gobernuak nazioarteko hegaldiei betoa ezarri die independentzia erreferendumari erantzuteko. Arbil eta Sulaimaniyako aireportuak Irakeko Kurdistango gobernuak eraiki eta pagatu zituen, ministroak azaldu duenez, eta Irakeko Hegaldi Zibilen Agintaritzaren esanak baino ez dituztela obedituko ohartarazi du Bauak, orain gertatzen den moduan.

Astelehenean egindako erreferendumean independentziak irabazi zuen botoen %92arekin. Ordutik, aireportuen kontrolaz gain, mugen pasabideena ere exijitu die Bagdadek kurduei. Pexmergen esku daude orain. Eskualde autonomoaren inguruko estatuek erasokor erantzun diote erreferendumari. Turkiak duela egun batzuk egin bezala, Iranek ere Irakeko armadarekin batera maniobrak egin ditu eskualde autonomoaren mugan, presio gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.