ZUZENDARIARI

Azaroak 25a

Garazi Golmaio.
2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Denok gogoratzen gara indarkeria matxistaren biktimez azaroaren 25 honetan. Baina, atzetik datorrenarekin, zer?

Ausartuko nintzateke esatera emakumeok egunero garela mikromatxismoaren biktimak. Mikromatxismoa diot, matxismoa entzutean, askok diotelako gauzak beren tokitik ateratzen ari garela eta betiko gai aspergarritzat hartzen dutelako.

Aspertuta nago, eguna joan eta eguna etorri, irratian berri txarrak entzuteaz, autobusean ondokoak egindako txisteaz, lanean kafea hartzeko garaian egindako txantxaz, kalean paseatzen ari garela eraikuntza lanetan dabilen gizonezko baten txistuaz, eta zer esanik ez, parrandan jasaten dugunaz. Muturra okertu eta «ez hadi horrela jarri, neska!» diote, gainera, askok.

Badut lagun bat, gizonezkoa, orain gutxi parrandara bakarrik joana kuadrillako emakumezkoekin. Hark argi eta garbi adierazi zuen: «Inoiz ez bezala ikusi eta sentitu dut zer den emakume batek parrandan jasaten duena». Neska bat gehiago balitz bezala aritu zen solasean, eta ingurukoek egindako astakeriak bertatik bertara ikusi zituen; ondokoen begiradak eta barreak, casting batean baleude moduan; beste askoren disimulurik gabeko epaitze-iruzkinak, gizontasuna erakusteko egindako ahaleginak, eta abar. Hark zioen kuadrillako neskak oso ohituta zeudela horrelako gehiegikeriak pairatzen. Eta, hala da, ohituta gaude.

Ohituta gaude autoa hartu eta ondokoak «ostra, ondo gidatzen dun» esatera (eta hik zer uste duk ba?), neskei txikitatik «kontuz ibili» edo «bakarrik nola joango zara, bada?» esatea, zenbait lanbidetan (kamioizale edota suhiltzaile, adibidez) emakumeak ikusi eta harridura eta lanarekiko zalantza erakustera, etab.

Gertatzen diren hilketa zein bortxaketa askoren aurrean, askok tapatu egiten dute arazoa «horrelakoak garai batean ere gertatzen ziren, ez da ezer berria» esanez. Komunikabideei egozten diete horren zergatia. Hori esan eta kito. Eta, zer? Arazoak bere horretan jarraitzen du. Gero eta informazio eta datu gehiago ditu gaur egungo gizarteak, eta gero eta handiagoa da biktima kopurua. Ugaritzen ari dira manadak. Askotan, modan ote dagoen galdetzen diot neure buruari. Baina, honela diot: justiziak jarritako zigorragatik zeinek utziko dio hori egiteari?

Nire iritziz, orain arte hartu izan diren neurriek ez dute arazoa konponduko, baina lagungarriak dira momentu askotako arazoak saihesteko, hala nola, parrandatik bueltan, etxerainoko «bidelagun» bat jartzea. Ziur nago horri esker emakumezko asko lasaitasun handiagoz iritsi dela bere etxera, baina zein da horren inguruko heziketa egokia jaso behar duena? Etxeko neskatila ala mutikoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.