Lakuak proiektu estrategikoak adosteko eskatu du EH Bilduk

Zaintzen sistema publikoa, itsas energia berriztagarriak eta adimen artifiziala lehenetsi behar direla uste du.

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Next Generation funtsetatik eratorriko diren inbertsioek «herri honen etorkizuneko garapen ereduaren oinarriak finkatuko» dituztela azpimarratu zuen atzo Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak. Horregatik, haren ustez, ezinbestekoa da lehenbailehen Eusko Jaurlaritzak «espazio bat irekitzea» funts horiekin finantzatu nahi diren eskualdeko proiektu estrategikoen inguruan adostasunak bilatzeko, Espainiako Ekonomia ministro Nadia Calviñok bi asteko epea eman dielako erkidegoei haiek aurkezteko.

Bere proposamenean, Espainiari aurkeztu beharreko proiektu estrategikoetarako Euskadi Next programaren bigarren bertsioan zerrendatutako bederatzi proiektuetatik hiru lehenestea nahi EH Bilduk: «Gizarte kohesioaren atalean, gizarte zerbitzuen eraldaketa zaintzen sistema publiko bat sortzeko; trantsizio ekologikoari dagokionez, itsas jatorriko energia berriztagarriak, eta trantsizio digitalean, adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta zerbitzu aurreratuak».

Iriarteren ustez, «garai historiko» honetan ezinbestekoa da indarrak batzea herri proiektu argi baten inguruan. Guztiok arduraz jokatzeko garaia dela nabarmendu du, legitimoak diren interes elektoralak alde batera utzita: «Adostu dezagun zein diren herri gisa ditugun lehentasunak, marraztu ditzagun arnasa luzeko estrategiak lehentasun horiek garatzeko, erabaki dezagun elkarrekin nola eta zertan inbertitu Europako funtsak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.