Agoizko lantegia itxiko du Gamesak, eta 239 langile bota

Nafarroako Gobernuak «ezinegon handia» adierazi du, eta «aukera guztiak aztertzeko» prest agertu da

2020ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
IRUÑEA. Siemens Gamesak erabaki du Agoitzen (Nafarroa) duen lantegia ixtea: 239 langile egotziko ditu, enpresak atzo iluntzean jakinarazi zuenez. Nafarroako Gobernuak «ezinegon handia» adierazi zuen erabakiarekin, eta iragarri zuen Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela, «aukera guztiak aztertzeko, interes orokorraren ikuspegitik».

Bere lantegiak «berregituratzen» aritu da Siemens Gamesa azken urteetan, arazo ekonomikoak bideratu nahian. Agoizko lantegian haize sorgailuetarako palak egiten dituzte, baina konpainiak azaldu duenez, pala handiagoetan jarri nahi du indarra, datozen urteetan eskaera handiagoa izango dutelakoan. Gainera, portu hurbilenetik (Bilbokotik) 200 kilometrora dago lantegia, urrunegi enpresarentzat: «Munduko merkatu eolikoaren baldintzetara egokitu behar du Siemens Gamesak, lehiakortasun handikoa baita; prezioen gaineko presioak hondatu egin ditu aerosorgailu egileen margena».

Hain zuzen, Agoizko langileek kezkaz hartu zuten konpainiak iazko urrian Alemaniako Senvion enpresa erosi izana. Kiebran zegoen Senvion, baina pala fabrika bat zeukan Portugalen, Siemens Gamesak orain egin nahi dituen pala handiagoen fabrikazioa har dezakeena, kostu merkeagoekin. Sei hilerako lana aurreikusia zuen urrian Agoizko lantegiak, eta hori amaitzean iritsi da ixteko erabakia. Datozen egunotan hasiko dira sindikatuekin baldintzak negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.