ZUZENDARIARI

Bilboko manifestaziora trenez

2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sarek urtarrilean antolatzen duen presoen hurbiltzearen aldeko Bilboko manifestaziora jende asko etortzen da. Manifestazio horretara, Bilbotik ez ezik, Euskal Herriko bazter askotik etortzen da jendea. Aurton, eguraldi onak lagunduta, askok goizetik edo eguerditik aurrera joatea erabaki du. Hala ere, gehienak ordu kritikoaren inguruan hurbildu izan dira, betiko moduan. Itzulerarako, ordutegia konprimituago dago, gaztea ez bazara eta Bilbon ordu txikietara arte geratu nahi edo ezin baduzu. Eta urtero ikusi izan dugun moduan, data horretan Bilbora garraio publikoan hurbiltzea eta bertatik ateratzea desastre hutsa da.

Bermeotik abiatzen den trenean, Gernika-Lumotik aurrera ez zegoen dagoeneko lekurik esertzeko, eta Zornotzatik aurrera ez zegoen beste batentzat lekurik. Hurrengo geltokietan, jende asko kanpoan geratu zen. Itzulera okerragoa izan zen, arestian esan dugunagatik. Gainera, Zazpi Kaleak geralekuan Zornotzara zihoan gazte desgaituen talde bat sartu zen, euren monitoreekin. Barruan, giroa erabat desatsegina zen. Denontzat: manifestaziora joan ginenontzat, aipatutako desgaituen taldearentzat eta erosketak egitera edo beste zio batengatik Bilbora hurbildu zirenentzat ere bai. Seguruenik, zapatu edo domekan burutzen diren horrelako ekintzen aurrean, garraioaren arduradunek antzera egiten dute; ez dakigu. Baina urtero gerta daitekeen eta gertatzen den kaosaren aurrean ezer ez egiteari ez deritzogu normala. Beharbada, zaila izango da trenak gehitzea; langileen egutegia, geltokiak sinkronizatzea... Ez dakigu. Baina tren bakoitzean 3 bagoi baino ez egotea urte batean eta hurrengoan ez dugu ulertzen, ez diogulako aparteko zailtasunik ikusten 4 bagoi jartzeko, horrelakoak sarritan ikusten baititugu, askotan erdi-hutsik edo hutsik badoaz ere.

Ez dugu uste, jende askok esaten zuen moduan, apropos egindakoa denik. Baina ez dugu ikusten gutxieneko sentsibilitatea. Badakigu jende bat ez dagoela gure eskakizunen alde, eta agintarien artean ezaxola nabaria da. Ondo da, hori onar dezakegu. Baina, beste aldetik, gu agintarien ardurapean dagoen biztanleria gara, bere pentsamendua daukan biztanleriaren modukoa, ez gehiago ez gutxiago. Eta data horretan, urte batean eta hurrengoan, diskriminatuak sentitzen gara, ez nahita edo mespretxuz, baina bai ezaxolakeriagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.