Bidasoak lehen garaipena lortu du Europako Ligan

Irundarrek lehen zatian eginiko lanari esker irabazi diote Pfadi, Artalekun, ligaxkako bigarren jardunaldian: 32-28

Rodrigo Salinas Bidasoako jokalaria, jaurtitzen, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
2021eko urriaren 27a
00:00
Entzun
ESKUBALOIA. Bidasoak badaki zer den irabaztea Europako Ligan. Irungo (Gipuzkoa) taldeak bigarren ahaleginean lortu du lehen garaipena ligaxkan. 32-28 nagusitu zitzaion atzo Pfadi Winterthurri, Artalekun.

Horri esker, lehen puntuak eskuratu ditu, eta bete-betean sartu da final-zortzirenetarako sailkatzeko lehian. Hirugarren da B multzoan, bi punturekin, Tatran Presovekin berdinduta. Orlen Wisla Plock eta Fuechse Berlin ditu aurretik, lau punturekin, jokatu dituzten bi partidak irabazita. Esku hutsik daude Fenix Tolosa eta Pfadi Winterthur. Lehen lau sailkatuek egingo dute aurrera.

Bidasoak final-zortzirenak jokatu nahi ditu, eta helburu horretan, indar handia emango dio atzoko garaipenak. Argia eta merezia izan baitzen. Aurkaria baino gehiago izan zen, batez ere lehen zatian. Horren erakusle da atsedenaldia iristear zela zazpi golen aldea zuela:16-9. Defentsan eta erasoan, bietan bikain aritu ziren irundarrak; suitzarrak, ordea, ezinean.

Bigarren zatia parekatuagoa izan zen. Etxekoak zortzi gol aurretik jarri ziren hasieran (21-13), baina bisitariak aldea murrizten joan ziren. Alferrik. Berandu zen emaitzari buelta emateko. Taldeko jokoan nabarmendu ziren etxekoak: bost jokalarik sartu zituzten gutxienez lau gol.

Bera Berak eta Zuazok, berriz, gaur jokatuko dute. Donostiarrek Elx hartuko dute Espainiako Ohorezko Mailako seigarren jardunaldian (19:00), eta bizkaitarrak Santanderren (Espainia) ariko dira, Peredaren aurka, Espainiako Kopako lehen kanporaketan (20:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.