Aimar Olaizolak uko egin dio lau eta erdikoa jokatzeari

Lesioa ongi osatzen ari zaio, baina esan du oraindik ez dagoela %100ean. Binakakorako zaintzea lehenetsi du

Aimar Olaizola, iazko buruz buruko finalean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
PILOTA. Buruz Buruko Txapelketa galdu zuen lehenik, eta lau eta erdikoari uko egin dio orain. Aimar Olaizolaren falta sumatuko dute zaleek distantzia laburrenean. Aurrelari goizuetarrak azaldu duenez, joan den otsailean ezker hankan izan zuen lesiotik ongi ari da osatzen, baina oraindik ez da guztiz indarberritu. Hori dela eta, lesio arrisku oro saihestu nahi du, Binakako Txapelketara sasoi betean heltzeko.

Olaizola II.ak eskuin hankako koadrizepsaren tendoian hartu zuen min, Jon Ander Albisurekin batera Binakako Txapelketa jokatzen ari zela. Bikoteak emaitza onak lortu zituen ligaxkan: 11 jardunaldi jokatuta, hirugarren postuan ziren, zazpi partida irabazita eta lau galduta. Goizuetarrak lehiaketa utzi behar izan zuen, ordea, eta Axier Arteagak ordezkatu zuen.

Lesioaren ondorioz, Olaizola II.ak ezin izan zuen Buruz Buruko Txapelketan parte hartu. Goizuetarra falta zela egin zen buruz burukoa, lehenengo aldiz hemezortzi urtean. Aurreko aldian, buruz buruko finalerako sailkatu zen, eta txapeldunorde izan zen, Jokin Altunaren kontra 22-18 galduta.

Udan partida ugari jokatu baditu ere, Olaizola II.ak ez du bere burua erabat osatuta ikusi. Berriki jokatutako partidetan adierazi du «ongi» sentitzen dela, baina oraindik konfiantza falta zaiola zenbait mugimendu egiteko orduan. Badaezpada, arriskurik ez hartzea erabaki du. Binakakora arte itxaron beharko da, beraz, Olaizola II.a berriro txapelketa nagusietako batean lehian ikusteko.

Goizuetarrak zazpi aldiz irabazi du lau eta erdiko txapela. Azkenengoz, 2013an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.