Mbeugouren hilketa epaituko duen epaimahaia hautatu dute

Astelehenean galdekatuko dute biktimaren senarra zena. 40 urteko espetxealdia eskatuko dute harentzat

2021eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
BILBO. Herri epaimahaiaren hautaketarekin hasi zen atzo Maguette Mbeugouren hilketa argitzeko epaiketa: bost emakumek eta lau gizonezkok osatuko dute. Fiskaltzaren esanetan, senarrak hil zuen 25 urteko senegaldarra, Bilbon, 2018ko irailean. Haren arabera, gizonezkoak 2 eta 4 urteko alaben aurrean hil zuen Mbeugou, labankadaz, eta umeak han utzita ihes egin zuen. Umeek 24 ordu pasatu zituzten amaren hilotzarekin etxean bakarrik.

Astelehenean hasiko dira akusatua galdekatzen; 39 urteko gizon bat da. Fiskalak eta akusazio partikularrek 40 urte inguruko espetxe zigorrak eskatuko dituzte harentzat. Hilketaz gain, biktimari tratu txarrak egin izana leporatzen diote, eta haurrak abandonatu izana.

Astelehenean hasi, eta hilaren 23ra arte iraungo du epaiketak. Ustezko hiltzailearen adierazpenen ostean, testiguen eta perituen frogak aurkeztuko dira. Azkenik, aldeek azaroaren 22an aurkeztuko dituzte euren ondorioak.

Protokoloek eta emakumea indarkeriatik babesteko neurriek huts egin zuten Mbeugouren kasuan. Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko orduko presidenteak barkamena ere eskatu zuen, Justiziak «porrot» egin zuelako, Mbeugouren kasuan arriskua gaizki neurtu zutelako eta neurriak ez zituztelako garaiz hartu.

Izan ere, 2017ko abenduan udaltzainengana jo zuen emakumeak; senarrak hil baino bederatzi hilabete lehenago, alegia. Salaketa aurkeztu, eta babes neurriak eskatu zituen, baina ez ziren iritsi. Hilketa gertatu baino lehentxeago beste abisu bat eman zuen Mbeugouk: medikuarengana jo zuen laguntza eske. Ez zen aski izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.