GASTEIZ. Ekainaren 21ean erregistratu zen azken aldiz hain kopuru apala Hegoaldean. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, herenegun 158 COVID-19 kasu zenbatu ziren, 4.446 diagnostiko proba eginda. Hala, joan diren asteekin konparatuta, positiboen ehunekoa ere aski txikia izan zen: %3,6. Positiboak lurraldeka aztertuta, Bizkaian 60 detektatu ziren; Gipuzkoan, 40; Nafarroan, 39, eta Araban 17.
Birusaren transmisioaren arintzea agerikoa izanik ere, datuek aski argi erakusten dute erietxeetan motelago ari dela leuntzea gertatzen. Osakidetzak eta Osasunbideak beste 30 lagun ospitaleratu dituzte gaitzak jota, eta, horiek kontuan izanik, 292 dira Hegoaldeko zentroetan sartutakoak. Horietako 77 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira, larri.
Pandemiak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan utzitako azken datuei so da Eusko Jaurlaritza. Izan ere, Labi batzordeak ostiralean du bilera neurriak aztertzeko. Osasun sailburu Gotzone Sagarduik atzo Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean adierazi zuen datuek bistan uzten dutela bilakaera onbidean dela. Are, gogora ekarri du Jaurlaritzak mugarri bat duela, argi: «Hainbeste desiratzen dugun helburua gero eta hurbilago dago: 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 60 izatea, alegia».
Koronabirusa
Beste 158 kutsatu atzeman dira Hego Euskal Herrian
Osakidetzak eta Osasunbideak 30 lagun ospitaleratu dituzte birusak jota. Hegoaldeko ZIUetan 77 eri dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu