PILOTA. Oinatz Bengoetxeak jokatuko du bihar Iruñean. Ipurmasaileko giharreko minak hobera egin du, eta Unai Lasoren aurka ariko da lau eta erdikoaren final-laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiko partidan. Leitzarrak ordu erdiko proba egin zuen atzo, larunbateko partidarako pilota aukeraketaren aurretik, eta, minik sumatu ez zuenez, jokatzea erabaki zuen. Gainera, beharko du sasoiko egon, Laso hamalau tanto baino gutxiagoan utzi beharra baitauka finalerdietan sartzeko, eta aurretik, gaur, Ezkurdiak Artolari irabaz diezaiola multzoko beste partidan.
Jardunaldia, izan ere, gaur hasiko da, bi partidarekin. Aipaturikoa da interesgarriena; Balmasedan jokatuko da (Bizkaia, 20:30), eta bi pilotariak kalkulagailua hartuta kantxaratuko dira. Ezkurdiak hamabost tanto behar ditu finalerdietan sartzeko, edota Lasok bihar gal dezala. Artola, berriz, irabaztera behartuta dago. Hamalau tanto baino gutxiago jasotzen baditu, gaur sailkatuko da. Aldiz, hamalau edo gehiago jasoz gero, Lasok bihar galtzea behar du.
Eguneko beste partida Altuna III.ak eta Victorrek jokatuko dute, Irunen (Gipuzkoa, 20:00). Uranzu pilotalekuan ez da ezer jokoan izango. Altuna dagoeneko sailkatuta dago, Victorrek, berriz, ez du aukerarik.
Bengoetxeak hobera egin du, eta jokatuko du Lasoren aurka
Ezkurdiak nahikoa du gaur hamabost tanto egitea finalerdietarako sailkatzeko. Artolak irabazi beharra du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu