Donostiako bost taldek joko dute Musikagela Fest jaialdian

Uztailaren 14an izango dira kontzertuak, eta Javier Sun eta Anaut ere igoko dira oholtzara, besteak beste

Javier Sun musikariak parte hartuko du, besteak beste, jaialdian. DONOSTIA KULTURA.
2018ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
MUSIKA. Lehen aldia izango du Musikagela Fest jaialdiak. Uztailaren 14an egingo dute, Donostiako Memoriaren Lorategian. 11:00etatik 21:30era, hainbat talderen proposamenak entzuteko aukera izango da, dela pop-rocka, dela punk-rocka, dela soula, dela rhythm and bluesa. Oholtzara igoko direnen artean Donostiako bost talde daude; hain zuzen, Donostia Kulturak kudeatzen duen Musikagela zerbitzuaren entsegu lokaletan edo kontzertu zikloetan aritzen direnak edo aritu izan direnak: Physis vs Pelax, Premodernos, Tenpera, Txarkey eta Frank.

Antolatzaileek atzo aurkeztu zuten jaialdia, eta azaldu zuten herritarrei «bertako musika talentua» erakustea dela helburuetako bat, baita taldeei entsegu lokaletatik kanpora atera eta jotzeko plaza bat eskaintzea ere. 2005. urtetik, Donostia Kulturak kudeatzen du udal zerbitzu hori, entsegu lokalak jarriz. 2012tik aurrera, kontzertu zikloak, tailerrak eta beste hainbat jarduera ere antolatu izan dituzte, bertako taldeak bultzatzeko.

Bost talde donostiarrekin batera, baina, izango da beste musikaririk ere agertokian, Javier Sun donostiarra, esaterako. Hiritik kanpoko bi talde ere etorriko dira Donostiara egun horretan: Bartzelonako Dani Nel-lo y los Saxofonistas Salvajes, eta Anaut madrildarrak.

Kontzertuez gain, beste hainbat jarduera ere antolatu dituzte jaialdiaren bueltan; besteak beste, sorkuntza tailerrak eta disko azoka bat izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.