IGORRE. Batz kooperatibak baztertu egin du Araluceko langileak barnean hartzea. Enplegua erregulatzeko prozesu batean dago Araluce, eta, hori jakinda, langileak Batzen sartzea eskatzen ari dira, multzo bereko enpresak direla argudiatuta. Batzen ustez, baina, argudio horrek «ez du oinarri juridikorik».
Atzo zabaldutako ohar batean, Batzek gogoratu du berak eta Aralucek «galerak» dituztela «behin eta berriz», eta horrek «saihetsezina» egiten duela Araluceren likidazioa. Merkatuaren egoerak are zailagoa bihurtzen du «epe motzean edo ertainean» konponbideren bat aurkitzea, autogileek modelo berririk ez dutelako ateratzen. Era berean, Batzek Araluceko langile batzordea kritikatu du, beti «jarrera negatiboa» izan duelako, eta jasotako eskaintzei «muzin egin» dielako.
Egun, konkurtso kudeatzaile batek zuzentzen du Araluce, eta bi aldiz bildu da langile batzordearekin eta Batzekin. Kudeatzaileak esan zuen kontsulta epea bukatuta zegoela, baina gaur bilera batera deitu ditu alde guztiak, Lan Harremanen Kontseiluan. Batzordeak, berriz, helegitea jarria du Bilboko lan arloko epaitegian, kontaktu prozesuan egondako «irregulartasunengatik». Araluceko langileei lau soldata zor dizkiete, eta protestan jarraitzen dute enpresa aurreko etxolan. Atzo, ehun bat langilek eta senidek manifestazioa egin zuten Mondragonen egoitza nagusian, Arrasaten (Gipuzkoa). Batz Mondragonen barnean dago.
Araluceko langileak bere gain hartzea baztertu egin du Batzek
Kooperatibaren ustez, langileen eskaerak ez du legezko oinarririk, eta argudiatu du «galerak» dituela «behin eta berriz»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu