Iranen heriotza zigorra eskatu dute manifestarientzat

Irango 227 parlamentarik EIko kideekin alderatu dituzte Mahsa Aminiren hilketa kalean salatzen ari direnak

2022ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
TEHERAN. Atzo, Irango Parlamentuko 290 diputatuetatik 227k auzitegiei eskatu zieten heriotza zigorra ezar diezaietela Mahsa Aminiren hilketa salatzeko protestetan parte hartu duten manifestariei. Halaber, Estatu Islamikoa «talde terroristako» kideekin alderatu zituzten.

Sinatzaileek AEBei eta beste herrialde batzuei egotzi diete protestak «antolatzea eta finantzatzea», baita manifestariei «armak bidaltzea» ere. Gainera, adierazi dute «zenbait hiltzailek» zibilak eta estatuko indarretako kideak hil, eta «sufrimendu handia eragin» dutela.

Horiek horrela, 227 diputatuk zera eskatu zuten atzo: «Guk, nazio honen ordezkariok, agintariak deitzen ditugu mohareb [«Jainkoaren etsaia», haien arabera] horiek lehenbailehen atzematera, biziari eta herritarren jabetzari armekin eraso baitiete».

Amini 22 urteko emakumea irailaren 13an atxilotu zuen Poliziak, Teheranen, «janzkera desegokia» eramateagatik. Polizia etxera eraman zuten, «heztera». Gazte kurdua handik hiru egunera hil zen, koman egon ostean. Aminiren aitak salatu zuen alabak kolpeen markak zituela hanketan, eta Poliziari egotzi zion hura hiltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.