Oier Ariznabarretak irabazi du Espainiako Kopa

Durangoko korrikalariak garaipena lortu du kopako azken proban, Zumaiako Flysch Trail maratoian

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
ZUMAIA. Txikituta, denak emanda eta erdi zorabiatuta iritsi zen Oier Ariznabarreta durangarra Zumaia Flysch Traileko helmugara (Gipuzkoa). Mendi lasterketetako Espainiako Kopa zegoen jokoan herenegungo lehiaketan, kopako azken lasterketan —bost proba jokatu dira Zumaiakoaren aurretik—.

Maratoiaren irteeran, izen bakarra denen ahotan: Oier Ariznabarreta. Urte hasieran ez zuen helburu Espainiako Kopa, baina lehenik Kanpezun (Araba) eta gero Otañesen (Kantabria, Espainia) lortutako garaipenen puntuekin, egutegia aldatu zuen. Hiru lasterketa besterik ez zen gelditzen, baina bi garaipenekin nahiko bideratuta zuen sailkapena. Orain dela hamar egun La Sagran (Granada, Espainia) lortutako laugarren postuarekin, Zumaian lehen hiruren artean sartzea nahikoa zuen Espainiako Kopa irabazteko.

Beste behin, ez zuen hutsik egin. Maratoiko (42 kilometro, +2.250 metro) 200 parte hartzaileak ilaran jarri zituen lehen metrotik. Parte hartzaileen artean nabarmentzekoak ziren Hassan Ait Chau —Tolosaldeko Hiru Tontorrak irabazi zuen astebete lehenago—, Ismail Razga eta oraindik ere Espainiako Kopako txapeldun izan zitezkeen Asier Larruzea euskal selekzioko korrikalaria, Antonio Herrera andaluziarra eta Santiago Mezquita gaztelarra.

Arantzako lehen kontrol gunetik (8,7 kilometroa) Elorrixako (34,5 kilometroa) denbora kontrolera arte sei minutuko tartea zabaldu zuen Ariznabarretak. Handik helmugara eutsi egin zion aldeari. Helmugan 3 ordu, 34 minutu eta 47 segundo behar izan zituen irabazteko. Hassan Ait Chau (3.43.12) izan zen bigarrena, eta Ismail Razga hirugarrena (3.49.25).

Helmuga igaro orduko, lurrean etzanda gelditu zen. Berrogei minutu behar izan zituen bere onera etortzeko: «Oso-oso pozik nago emaitzarekin, baina txikituta amaitu dut. Oraindik ere ez dakit nola iritsi naizen helmugara. Inoiz baino ur gehiago edan dudan arren, desidratazio handiarekin iritsi naiz amaierara».

Emakumeetan, nabarmentzekoa da Oihana Kortazarrek Zumaia Flysch Trailen lortutako garaipena (4.10.58). Elgetako (Gipuzkoa) korrikalariak hamabosgarren postua eskuratu zuen sailkapen nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.