Baskoniak Euroligan ere irabazi nahi dio Bartzelonari

Gasteiztarrek Kataluniako taldea hartuko dute gaur Buesa Arenan (20:30). ACB ligan, 82-71 nagusitu ziren

Achille Polonara, Bartzelonaren aurka, Espainiako Superkopan. R. D. L. ROCHA / EFE.
2020ko urriaren 30a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Lehiak ez du etenik, eta ACB ligan Manresaren aurka jokatu eta bi egunera ariko da berriro TD Systems Baskonia. Euroligako neurketa du Gasteizko taldeak gaur, eta ez nolanahikoa, Bartzelona hartuko baitu Buesa Arenan (20:30, DAZN), lehiaketa horretako seigarren jardunaldian.

Dusko Ivanovicek entrenatutako taldeak helburu jakin bat du: Bartzelona mendean hartzea. Badaki nola egin dezakeen. Izan ere, bi taldeek duela bi aste jokatu zuten elkarren aurka ACB ligako neurketa, Buesa Arenan, eta etxeko taldeak irabazi zuen: 82-71. Gaur beste horrenbeste eginez gero, hirugarren garaipena lortuko lukete Euroligan; hirugarrena lau jardunalditan, jada bi partida atzeratu baitizkiete kontrarioan izandako positiboengatik.

Bartzelonak, berriz, bost norgehiagoka jokatu ditu, eta lau irabazi, azken hirurak jarraian. Herenegun, ordea, UCAM Murtziak ezustean hartu zuen ACB ligan: 77-73 nagusitu zitzaion. Alferrikakoa izan zen Nikola Miroticen lan ona: hemeretzi puntu. Hain zuzen ere, Mirotic da aldaketa nagusia Baskoniaren aurkako ligako partidarekin alderatuta, orduko hartan ez baitzen aritu, koronabirusean positibo eman baitzuen. Gaur jokatu egingo du, eta hura zaindu beharko dute gasteiztarrek.

Aurkariaren maila azpimarratu zuen atzo Ivanovicek. «Talde handia da, eta ondo ari da. Gainera, Mirotic du, partida erabakita utz dezakeen jokalari bat. Baina, Miroticez gain, neurketa irabaz dezaketen hainbat jokalari ditu. Horregatik, azken lehiako defentsa hobetu behar dugu»

Baskoniak ez du zaleen babesa izango gaur; ez, behintzat, harmailan. Izan ere, Espainiako Osasun Ministerioak erabaki du nazioarteko lehiaketetan ez egotea ikuslerik harmailetan.

Bestalde, bertan behera geratu zen atzo Retabet Bilbo Basketek Miribillan Andorraren aurka jokatu beharreko partida, bilbotarren kontrarioan izandako positibo batengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.