Aldaketak egongo dira antxoaren aurtengo kosteran

Sare pelagikoen erabiltzaileek lehenago hastea eskatu dute, eta tradizionalek kuota txikiagoa emango diete

Arrantzale bat antxoa kaxak mugitzen, Getariako portuan. GORKA RUBIO / FOKU.
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
GETARIA. Antxoaren aurtengo arrantzaldiak baldintza berriak izango ditu. Sare pelagikoen erabiltzaileek, Lapurdiko eta Frantziako arrantzaleek, lehenago hastea eskatu dute, eta, trukean, teknika tradizionalak erabiltzen dituztenek, Bizkaikoek, Gipuzkoakoek eta Espainiakoek, kuota txikiagoa emango diete. Bi aldeek atzo egin zuten bilera Getarian (Gipuzkoa), «sintonia onean», Miren Garmendia Gipuzkoako kofradiaren ordezkariaren ustez, eta, ondo bidean, akordioa itxiko dute urtarrileko epea amaitu aurretik.

2009tik aurrera Bilboko ituna delakoak arautu izan du Bizkaiko Golkoko antxoa arrantza, baina dagoeneko ez dago indarrean, eta pelagikoen erabiltzaileek baldintzak aldatzea eskatu zuten. Itun horren arabera, teknika tradizionalen erabiltzaileek martxoaren 1ean hasten zuten kostera; pelagikoen erabiltzaileek, aldiz, ekainaren 1ean. Bi arrantza motek topo ez egitea zen helburua, eta trukean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Espainiako arrantzaleek 1,7 milioi kiloko kuota ematen zieten Lapurdi eta Frantziakoei.

Bi aldagai horiek egon ziren mahai gainean atzoko negoziazioan. Pelagikoen erabiltzaileak sei aste lehenago irteteko eskatzera iritsi ziren. Garmendiak «erdibideko» akordio bat espero du, eta «barne kontsultak» egin behar dituzte ezer itxi aurretik. Serge Larzabal itsasoko arrantzen departamendu arteko batzordeko presidentea ere bileran egon zen, Lapurdiko eta Landetako arrantzaleak ordezkatuz, eta baikorragoa da. «Profesionalen arteko akordioa dago, orain estatuei dagokie berrestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.