Emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia

Faborito argirik gabe ekingo dio gaur Itzuliak

Lehen aldiz jokatuko da lasterketa, eta 112 ziklista ariko dira, 20 taldetan banatuta. Annemiek Van Vleuten ez da irteeran izango, eskuin eskumuturra apurtu ostean

2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
TXIRRINDULARITZA. Historian gordeta geratuko da gaurko eguna: Emakumezkoen Euskal Herriko Itzuliaren lehen aldiari hasiera emango zaio Gasteizen. Hiru etapa izango dira. Gaurkoa Bastidan amaituko da, 105,9 kilometro osatu ondoren; bigarrengoa Mallabian hasi eta amaituko da bihar, 117,9 kilometro egin eta gero; eta hirugarrena, etzikoa, Donostian hasi eta bukatuko da, 139,8 kilometroren ondotik. Goiz-eguerdian dira etapak, eta ETB1ek zuzenean emango ditu.

Ez dago faborito argirik. Izan ere hautagai nagusia, Annemiek van Vleuten (Movistar), ez da lehiatuko. Eskuin eskumuturra hautsi zuen apirilaren 28an, eta ebakuntza egin zioten. Horrek irekitzen die aukeren atea gainontzeko ziklista indartsuei. 112 txirrindulari aterako dira guztira, hogei taldetan banatuta —Le Col taldea ez dator; 11 dira UCI mailakoak—, eta antzera daude barreiatuta beste faboritoak ere. Hauek dira batzuk: Lourdes Oiarbide (Movistar), Lucinda Brand (Trek), Ane Santesteban eta Urska Zigart (Bike Exchange), Eva Buurman eta Tereza Neumanova (Liv Racing Extra), Ashleigh Moolman (SD Worx) eta Liane Lippert (DSM). Mavi Garcia (UAE) ere hautagaien artean zegoen, baina haren taldea ez da ariko azkenean, hainbat positiborengatik.

Irabazten duenak irabazten duela, lan handia eginda izango da, ibilbidea gogorra delako. Gaurkoari dagokionez, etapari hasiera eman eta segituan igoko dute Zaldiaran. Rivas begiralekua eta Herrera ere igoko dituzte gero. Bihar eta etzi ere ibilbidea gorabeheratsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.