Baskoniak eta Gernikak irabazi egin dute etxetik kanpo

Arabarrak 76-80 gailendu zaizkio Albari, Berlinen; bizkaitarrek 60-65 menderatu dute Virtus, Bolognan

Simone Fontechhio Baskoniako jokalaria, atzo, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Zapore gozoarekin egin zuten atzo etxerako buelta Baskoniak eta Lointek Gernika Bizkaiak. Arabarrek 76-80 irabazi zioten Albari, Berlinen, Euroligako laugarren jardunaldian. Bizkaitarrak, berriz, 60-65 nagusitu zitzaizkion Virtus Bolognari, Italian, Eurokopako estreinakoan. Aste biribila osatu du Baskoniak Euroligan, jokatutako bi partidak irabazita. Dusko Ivanovicen taldeak ondo ekin zion Alba Berlinen aurkako lehiari. Lehen zatian, biko zein hiruko jaurtiketetan fin ibili ziren arabarrak, eta defentsan oldarkor. Hala, 23 puntuko aldearekin joan ziren atsedenaldira. Bigarrengoan, ordea, Alba partidaren erritmoaren jabe egin zen, eta hirugarren laurdenaren amaieran, aldea zertxobait laburtzea lortu zuen, Baskonia aurretik bazen ere: 47-62. Azken laurdenean, etxekoak gehiago hauspotu ziren, eta zaleen laguntzaz, Baskoniakoei lau puntura hurbildu zitzaizkien, baina Ivanovicenei bigarren garaipenak ez zien ihes egin. Granger, Fontecchio eta Costello izan ziren Baskoniako jokalaririk onenak.

Lointek Gernika Bizkaiak ere ez zuen hutsik egin Virtus Bolognaren pabiloian, Eurokopako lehen partidan. Hasi, behintzat, ondo hasi zen Mario Lopezen taldea, eta hamaika puntuz goitik amaitu zuen lehen zatia. Bigarrenean, baina, kamuts ibili ziren erasoan gernikarrak, eta italiarrak hiru puntura jarri ziren. Ostera, azken erasoan baloia galdu eta Gernikak balio handiko garaipena lortu zuen. Nicole izan jokalaririk nabarmenena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.