Egiluzi lapurreta egin ziotenei, lau urte arteko zigorra

Egiluz oroitzeko Galdakaon egindako ekitaldi bat. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
ANBERES. Atzo lau urte desagertu zen Hodei Egiluz galdakoztarra Anberesen, Flandrian. Hari lapurreta egitea leporatuta, lau lagun epaitu zituzten irailean, eta, hain justu, atzo jakinarazi zuten epaia. Laurak zigortu dituzte. Lapurreta leporatu diete; desagerpenari buruzkorik ez. Fiskalak egindako zigor eskariak onartu ditu auzitegiak.

Akusatuetako bati lau urteko espetxea ezarri diote; beste biri, hiru urte eta lau hilabetekoa. Azken akusatua, Egiluzi ostutako telefonoa erosi zuena, urte erdiko kartzelarekin zigortu dute. Epaiketan ez ziren agertu akusatuetako hiru; auzitegiak ez du haien berririk. Lau urteko zigorra jaso duen gizona bakarrik izan zen auzi saioan, Poliziak eramanda, preso baitago beste epai batzuen harira.

Akusazioen arabera, lagunekin afaldu ostean etxera abiatu zen Egiluz, eta lapurreta egin zioten bidean. Gero gertatutakoari buruz ez dago informaziorik; desagertu egin zen. Bilaketak egin zituzten, baina ez zuten topatu. 2016ko otsailean azaldu zen hilotza, urperatutako gabarra bat ateratzen ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.