Zigor espedientea ireki diote Gardelegiko zabortegiari

Kudeaketan arau hausteak atzeman dituela adierazi du Jaurlaritzaren ikuskaritzak, arrazoia zehaztu gabe

2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
GASTEIZ. Alea aldizkariak jakin duenez, Eusko Jaurlaritzak beste zigor espediente bat ireki dio Gasteizko Udalari Gardelegiko zabortegiaren egoera dela eta. Ikuskaritzak ez du zehaztu zeri dagokion zigorra. Ingurumenari dagokion informazio gardentasunaren eskubidean oinarrituta, hura eskuratzen saiatu da Alea, baina egindako eskaerari uko egin dio Jaurlaritzak, espedientea oraindik martxan dagoelako. Hala ere, zigorra Ingurumen Baimen Bateratuaren hausteei dagokiela zehaztu du erantzunean. Horiek horrela, espedientea zoruen, uraren eta airearen kalitateari egindako kalteetan oinarrituko litzateke, aldizkariaren arabera.

Ez da Gasteizko Udalak halako zigorrik jasotzen duen lehen aldia. 2018ko ekainean Uraren Agentziak jakinarazi zuen zigor espedientea zabalduko ziola, Gardelegin bildutako lindanoa Gasteizko estolderiara zabaltzen ari zelako, eta handik Zadorra ibaira. 50.000 euroko isuna ezarri zuen Jaurlaritzak, baina azkenean zigorra 30.000 euroan geratu zen.

Handik urtebetera, 2019ko irailean, udalak iragarri zuen lindanoa iragazteko instalazio bat martxan jarri zuela zabortegian, lixibatutako poluitzaileak Zadorra ibaira joatea eragozteko. Zigor espedientea irekitzea ondorioztatu duen Jaurlaritzaren ikuskapena iazko abenduan izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.