SDFri erasorik ez egiteko ohartarazi diote AEBek Siriari

Damaskok adierazi du AEBek eta Turkiak ez dutela Manbechen kontrolari buruz negoziatzeko legitimitaterik

2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
BEIRUT. Siria ipar-ekialdeko zatirik handiena SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak du kontrolpean. Kurduen YPG Herriaren Babes Unitateak dira SDFren indar nagusia, etaAEBen babesa dute. Gertatu izan dira koalizioaren eta Siriako armadaren arteko borrokak, eta AEBek ohartarazi dioteSiriari erasorik ez egiteko. «Sirian interesa duen edonork ulertu beharko luke AEBetako indarrei edo koalizioko gure bazkideei eraso egitea albiste txar bat izango litzatekeela», esan zuen, atzo, Kenneth McKenzie AEBetako armadako tenienteak. Bashar al Assadi erantzun zion. Izan ere, Siriako presidenteak esan zuen ez zuela zalantzarik edukiko eremu horretan indarra erabiltzeko orduan.

Hain zuzen, Manbech eskualdea ere SDFren esku dago, baina Turkiako armadak duela hilabete batzuk Afrinen egindako erasoaldiaren pareko bat egin nahi du han ere, eta hura kontrolpean hartu. Beraz, Walid al-Mualem Siriako lehen ministrordeak esan zuen atzo, Turkiak eta AEBek ez dutela Siriako eskualdeen kontrolari buruz negoziatzeko legitimitaterik. Manbechen elkarrekin jardutea proposatu dio Ankarak Washingtoni. Mevlut Çavusoglu Turkiako Atzerri ministroak herenegun adierazi zuenez, YPGak Manbechetik erretiratzeko akordio bat dago.

Bestalde, Siriako Gobernuak ultimatum bat eman die herrialdearen hego-ekialdeko eremu bat kontrolpean duten muturreko talde islamistei: edo gobernua onartzen dute, edo alde egin beharko dute. Jordania eta Israelgo mugatik gertu dagoen eremua da, eta AEBek base bat dute han, Al-Tanfen. Walid al-Mualemek AEBei ohartarazi die handik erretiratu beharra daukatela. Siriako Gobernuak herrialdeko hainbat eremu berreskuratu ditu Errusiaren eta Irango milizien laguntzarekin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.