Kepa Arroitajauregi hil da, bihotzekoak jota

Kepa Arroitajauregi. BERRIA.
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
PILOTA. Kepa Arroitajauregi pilotari ohi eta kazetaria hil zen herenegun, bihotzekoak jota. Seme batekin bizikletan buelta bat eman ondoren, ondoezik sentitu zen etxean, eta bertan zendu zen. 48 urte zituen.

Arroitajauregi bi urtez izan zen pilotari profesionala, Asegarce enpresarekin, eta, ordutik, lan nekeza egin zuen pilotaren alde. Besteak beste, Munduko Pilota Biltzarreko burua eta Euskadiko Pilota Federazioko hautatzailea izan zen. Egun, berriz, Munduko Pilota Biltzarraren idazkari teknikoa zen, baita Euskadiko Federazioko presidenteordea ere.

Baina, bulegoetan ez ezik, frontoian laguntzea ere maite zuen. Pilotari gazteak ikustera joatea zuen gustuko, eta haiei gomendioak ematea. Lotura estua zuen AbadiƱoko, Iurretako eta Zornotzako (Bizkaia) pilota eskolekin.

Kazetaria zen formakuntzaz, eta hainbat hedabidetan kolaboratzaile aritu zen, bai pilotari buruzko iritzi zutabeak idazten, bai solasaldietan parte hartzen: Euskadi Irratian eta Anboto aldizkarian, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.