EDUKI DIGITALAK. Indarrean da kanon digital berria atzoz geroztik, eta zenbait produktu digitalen garestitzea ekarriko du Hego Euskal Herrian. Zehazki, eduki multimedien kopia pribatuak egitea ahalbidetzen duten euskarriei ezarritako zerga da: smartphone-ak, tabletak, USB memoriak, SD txartelak, disko gogorrak, eta abar. Hau da, memoria duten gailuei eragingo die kanonak.
Zerga berriarekin, obren egile eskubideak dituzten autore eta jabeei «kopia pribatuen bidez sortutako kaltearen ordaina» ematea da helburua. Urteak dira Espainiako Gobernuak kopia pribatuengatiko ordainaren zerga legez onartu eta aplikatzen duela, baina horren inguruko polemika sortu zen formatu digitalen sorreraren eta hazkundearen ondorioz.
Prezioen igoera produktuen araberakoa da. Esaterako, sakelako telefonoen edo smartphone-en kasuan, 1,10 euro izango da; tableta eta liburu irakurgailu elektronikoen kasuan, 3,15 euro; SD txartelen eta USB memorien kasuan, 0,30 euro; disko gogorren kasuan, 12 euro gehiago.
Badira igoera nabarmenagoak izango dituzten beste produktu batzuk ere: inprimagailuak 200 euro garestiago ere saldu ahal izango dira, bakoitzaren ezaugarrien arabera. Igoerarik apalena jasango dutenen zergak ere handituko dituzte pixkanaka, Europako beste herrialde batzuetan ezarritako zergen mailara iritsi arte.
Indarrean da kanon digital berria Hego Euskal Herrian
Eduki multimedien kopia ahalbidetzen duten euskarriei ezarritako zerga da, eta abuztuarekin sartu da indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu