Aspeko bikoteek hasiko dute finalerdietako ligaxka

Ezkurdia-Martijak Jaka-Zabaletaren aurka jokatuko dute datorren larunbatean, Iruñeko Labriten (17:30, ETB1)

Unai Laso aurrelari bizkarretarra, herenegun, Astelenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
PILOTA. Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka hasteko ordutegiak ezarri zituzten atzo. Aspeko bikoteek jokatuko dute lehenik elkarren aurka, eta, ondoren, Baiko Pilotakoen txanda izango da. Hala, Ezkurdia-Martija Jaka-Zabaletaren aurka ariko dira lehenengo partidan, datorren larunbatean, Iruñeko Labrit pilotalekuan (17:30, ETB1).

Bikoteek pilota aukeraketa bihar egingo dute, Labriten (11:00). Lehen ligaxkako bi bikote onenen arteko norgehiagoka izango da. Jaka-Zabaleta gainerako lehiakideei nagusitasunez gailendu zitzaizkien hamalau jardunalditan, hamabi partida irabazi eta soilik bi galduta. Ezkurdia-Martijak, berriz, azken-aurreko jardunaldian azken unean lortu zuten zuzeneko sailkapena, Laso-Albisuri 22-21 irabazita. Bederatzi partida irabazi, eta bost galdu zituzten. Elkarren aurkako lehiei dagokienez, bana irabazi zuten: 20-22 Jaka-Zabaletak lehen itzulian, eta 22-19 Ezkurdia-Martijak bigarrenean.

Finalerdietako ligaxkako bigarren norgehiagoka, berriz, igandean jokatuko dute. Olaizola II.a-Urrutikoetxea Laso-Albisuren aurka ariko dira, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Materialaren aukeraketa etzi egingo dute, toki berean (11:00). Joan den asteburuko kanporaketetan sailkatu ziren bi bikoteak. Laso-Albisuk Altuna III.a-Galarza kanporatu zituzten herenegun (22-15). Olaizola-Urrutikoetxeak, berriz, Artola-Imazi irabazi zieten joan den larunbatean (22-17).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.