Sabino Arana eredutzat jarri die Ortuzarrek gazteei

2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
BILBO. EGI Eguna ospatu zuten atzo EAJko gazteek Azkoitian (Gipuzkoa).Ekitaldian izan ziren Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Amaia Larrañaga EGIko kidea eta Ana Azkoitia Azkoitiko EAJren alkategaia. Hirurek izan zuten gogoan Xabier Arzalluz urte askoan EAJko presidente izandakoa, eta oholtzan haren hainbat adierazpen eta irudi izan ziren ikusgai. Haren hitzaldi baten zati bat eman zuten, bideoz.

Ortuzarrek hitza hartu zuenean, Sabino Aranaren pausoei jarraitzeko dei egin zien gazteei: «Zuotako bat bezalakoa zen, eta begira zer-nolako nahaspila sortu zuen». Ortuzarren hitzetan, «Euskadi» gaur egun dena izatera iritsi da Arana konturatu zelako euskalduna zela, «eta soilik euskalduna». Hori hala, «Bilboko mutiko haren jarrerarekin bat egitera» deitu zituen EAJko gazteak, eta misio horrekin aurrera egitera animatu zituen: «Sabinok XX. mendeko Euskadi amestu zuen; zuei dagokizue orain XXI. mendeko Euskadi egitea».

Ortuzarrek hitz gogorrak izan zituen GKS Gazte Koordinakunde Sozialistarentzat ekitaldian. Joan den astean Azkoitian bertan pankartan batean Aberria Gorria aldarrikatu zutela gogoratu, eta «ezker abertzalearen gazte disidenteen mezuak» askatasunaren kontrakotzat jo zituen. Ortuzarren ustez GKSkoak «hitz hutsak dira, iruzur bat: burgesiaren seme-alabak, burgesak bezala bizi direnak». Eta «aretoko iraultzaile» esan zien. Putinen lagunak izatea eta Ukrainako gerran arreta desbideratzea egotzi zien: «Beraien helburua ez da Euskadi askea. Beren helburua Euskadi gorria da. Beren proiektuan Euskadiren etorkizuna mutilatzen dute, zuria eta berdea kentzen diote, eta Euskadirentzat kolore bakarreko etorkizuna proiektatzen dute, Sobiet Batasunean dagoeneko porrot egin duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.