Aimar Olaizolak ez du gehiago jokatuko aurten Binakakoan

Lesioa du eskuin hankako kuadrizepseko zurdan, eta lau hilabete beharko ditu osatzeko; Arteagak ordezkatuko du

Aimar Olaizola. ARITZ LOIOLA / FOKU.
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
PILOTA. Binakako Txapelketak kolpe latza jaso du. Aimar Olaizolak ez du gehiago jokatu aurtengo ekitaldian. Goizuetako aurrelariak lesio larria du eskuin hankako kuadrizepseko zurdan, eta, medikuen arabera, lau hilabete inguru beharko ditu osatzeko.

Olaizola II.ak joan den asteleheneko entrenamenduan hartu zuen min. Esprintak egiten ari zela, tiratu bat izan zuen eskuin hankako kuadrizepsean. Ez zirudien ezer larria, baina badaezpada azterketa medikoa egin zioten. Bada, emaitzak ezin okerragoak izan dira, uste baino lesio larriagoa baitu. Lau hilabetez egon beharko du jokatu gabe. Beraz, amaitu da harentzat Binakako Txapelketa, eta ezingo du jokatu Banakako Txapelketa, buruz burukoa apiril erdialdean hasiko baita. Udarako osatuta egotea da xedea.

Asegarcek jakinarazi duenez, Axier Arteagak ordezkatuko du Olaizola II.a igandean, Gasteizen, Artola-Mariezkurrenaren aurka. Ikusteko dago hurrengo partidetan ere Arteaga ariko den. Araudiaren arabera, Arteaga, Victor Esteban —Mikel Urrutikoetxearen ordez ariko da berriro— eta Unai Laso dira ordezkoak, baina azkena min hartuta dago hiru asterako. Beraz, Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa) eta Ezkaraikoa (Espainia) dira balizko bi ordezkari bakarrak. Olaizola II.ak eta Albisuk bideratua dute finalerdietako ligaxkarako sailkapena, lehen ligaxkako 11 jardunaldi jokatuta, hirugarren baitira, zazpi garaipen lortuta. Hiru partida falta direla, bi garaipenen aldea dute bosgarren sailkatuarekin, Altuna III.a-Martijarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.