Ezkurdiak eta Martijak gorako bidean segitzen dute

22-13 hartu dituzte mendean Olaizola eta Urrutikoetxea Astelenan, eta hirugarren postuan jarri dira Binakakoan

Joseba Ezkurdia, pilota jotzen, atzoko partidan. JON URBE / FOKU.
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
PILOTA. Amaitu da Binakako Txapelketako lehen ligaxkako aurreneko itzulia. Atzo jokatu zuten zazpigarren jardunaldiko azken lehia, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Bertan, Ezkurdiak eta Martijak 22-13 irabazi zieten Olaizolari eta Urrutikoetxeari. Horrenbestez, bi bikoteek oso egoera desberdinean amaitu dute lehen itzulia. Ezkurdia eta Martija bete-betean daude sartuta lehen bi onenen artean sailkatzeko borrokan. Olaizolak eta Urrutikoetxeak, berriz, bi garaipen kateatu ezinik jarraitzen dute, eta aukera galdu zuten sailkapenan hiru garaipenekin dauden bikoteak harrapatzeko. Azken-aurreko dira, ondorioz.

Partidaren lehen zatia gogorra eta parekatua izan zen, eta aurrelariek tanto ikusgarriak egin zituzten. Bikoteetako batek tanto batzuk erreskadan egin, eta besteak erantzuten zuen. Baina orduan Ezkurdiak hartu zuen jokoaren ekimena, eta koska bat igo zuen partidaren erritmoa —bederatzi tanto egin zituen neurketan —. Erabakigarria izan zen hori, urdinez jokatu zuen bikoteak sei tanto egin baitzituen segidan, eta 16-10 jarri ziren aurretik. Askotariko tantoak lortu zituen Arbizuko aurrelariak: pilota txokoan utzita, bi paretaz. Hor hautsi zen lehia.

Hortik aurrera, eroso aritu ziren, eta galtzaileek hiru tanto besterik ez zuten egin. Urrutikoetxeak behera egin zuen azken txanpan; Martijak, berriz, ziurtasun handiz jokatu zuen atzean, Ezkurdiak aurrean egindako lan ikusgarria biribilduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.