ZUZENDARIA

Demokrazia kontua

Gasteiz
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Gauza bera egingo dute nirekin», esan zuen Madrilgo komunitatearen lehendakariak biltzarra bertan behera utzi zuenean, Murtziako zentsura mozioaren mamua astinduz. Pare bat egunera, Espainiako Gobernuko presidenteordeak iragarri zuen bere dimisioa. Horrela amaitu da Pablo Iglesiasen ibilbidea gobernuan, bere buruaren kontrako kanpaina bortitza jaso ondoren, eta ez bakarrik eskuinaren eta ultraeskuinaren aldetik, baita PSOEren eta EAJren aldetik ere, nahiz eta Pabloren aldarrikapena aho batzuek bereganatu duten, hau da: demokraziaren betetzeko beharra.

Ez da, Pablo gabe, Espainako Gobernua gauza bera izango, Sanchez pozik agertu arren. Ez aktibista bat galdu duelako, baizik eta agerian geratu delako gobernu gorri honi bost axola zaiola arriskuan jartzea inbestiduraren gehiengoa bazkide laranja baten bila, gehiengo hori babestu ordez.

Baita agerian geratu da EAJren zurikeria ere , bere desberdinen arteko koalizioak ez du demokrazia gehiagorik onartzen, ez du herritarron hitza entzun nahi. Trasferentziak, besterik ez!, hori bai, kalea kontrolpean izanda, bai langileen borrokaren kontra, bai presoen ongietorriaren kontra.

Horrela suspertzen ari da beste negazionismo mota bat: euskal presoen izaera politikoarena. Ayuso andereak —Madrilgo komunitatearen ateak zabalduz, baita tabernak ere— pandemia ukatzen duen gisan, Urkullu jauna ukatzen ari da euskal presoen izaera politikoa, inolako adierazpenik haien alde egin gabe kartzeletako kudeaketa jasotzen duen bitartean.

Sakabanaketa zigor politikoa izanda,horren amaiera garaipen politikoa da, eta ezin da lausotu hiru letratan (hiru B) Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak proposatzen duen moduan: birsozializazioa, berreziketa, birgizartea.

A falta da, askatasuna, eta 34 urteko sakabanaketaren ondoren hori da mahai gainean jartzen ez dena.

Urkullu jauna egiten ari da Ayuso anderea egiten ari den gauza bera: ez ikusiarena! Baina kartzelen kudeaketa izateak ez du esan nahi espetxe politika alda daitekeenik; ez da diru kontua, demokrazia kontua baizik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.