ZUZENDARIARI

Euskararen etsaiak

2020ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Egunkari honetan Xabier Payak asteartean argitaratutako Elebakarrik ez izeneko artikuluak gogora ekarri dit guk bizi izandakoa neurri handi batean, Bilboko erdiguneko D ereduko eskola batean gertatutakoa.

Lehenengo semea eskolaratu genuenean, pentsatu genuen adierazkortasuna euskaraz landu eta biziko zutela, etxetik ekarritakoari lagunduz, eta gela bereko umeek ere erabili erabiliko zutela. Txarto edo ondo etxean euskaraz beti egin dugu-eta.

Urteek aurrera egin orduko, seme-alaba guztiek gaztelaniara jo dute eskolako tarteetan egonda: jolasaldian, jantokian eta saioez kanpoko irteera ordutik aurrerakoan, teorian murgiltze ereduan.

Orduko hartan, Bilboko beste eskolako bizipenaren berri jakin nahi nuen gertu-gertutik, momentuan momentuko ikasketaburuarekin zein zuzendariarekin batzartzen nintzela. Egia esan, erabileran emaitzak zeuden hutsetik hizkuntz komunitatea sortzen zuten. Guraso euskaldunen seme-alabak lerro batean, eta erdaldunenak bestean, azkenengo lerro honi indartze D eredua ematen zietelarik inondik inora ere gutxietsi gabe.

Urte batzuen buruan, LHko 3. mailarako mota batekoak zein bestekoak nahasten zituzten; ondorioak agerian, Bilbo izan arren. Zehaztutako neurri hori «baztertzailea» zela, «aberastasunik» ez ziola ekartzen eta «heterogeneitaterik» ez zuela, halako iritziak biltzen ziren guraso eta maisu-maistra batzuen artean, ekarpena eraman beharreko elkarguneetara eroan ostean.

Gaur egun, oso ondo ulertzen dut orain dela hiru urte eta erdi, zuzendaritza gelaren ondotik igaro eta euren artean barra-barra gazteleraz hitz egiten entzuten nituenean; hasieran gurasoren batekin batzartuta edo, baina denborak gauzak bere gordinean utzi ditu. Ohiko ohitura, antza.

Era honetara, inguru guztiaz behin jabetuta, umeek berehala batean ikasten dute zein den hizkuntza botereduna eta zein hizkuntzak ez duen balio erantsirik erdal aniztasunaren diskurtsoan. Emakumeen aldeko diskriminazio positiboaren moduko politikarik ez, ume euskaldunen kopuru apala erdal itsaso zabalean, itolarrian, urtuta. Zer esanik ez gure kulturaz, geografiaz eta historiaz LH amaieran galdetzen hasiz gero!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.