ZUZENDARIARI

Ez dezagun ahatz

Barakaldo
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Dakigunez, hirugarren adina izan da gehien kalteturiko kolektiboa; zaintza sektorea, zehatzago. Sektore hau, aspalditik, pandemiarik txarrenetarikoak jipoitua izan da: kapitalen pandemiak. Sistema krudel honek jotzen du ahal duenean eta jarduten uzten zaionean, eta hori ongi dakite zaintzaren lan-arloan. Egoiliarrek merezi duten zaintzak bermez gauzatu ahal izateko, aspalditik zahar-etxeetan behar egiten duten langileek hainbat elkarretaratze eta greba antolatu dituzte. Aldarri hauek beti izan dituzte bi ardatz: batetik, aldaketa bilatzea zentro hauetako kudeaketan, eta, bestetik, kapitalen aurrean gizabanakoari lehentasuna ematea.

Martxoan, kapitalen pandemiarekin batera, pandemia sanitarioa iritsi zitzaigun, eta agerikoak izan ziren sistemaren ahulguneak. Tamalez, erakundeak sektore honi bizkarra eman dio, eta askoz nabariagoa izan da COVID-19aren heltzearekin. Gomutan daukat krisialdia hasi zenean ez zirela behar bezalako neurriak hartu, pertsonak izanda gehien kaltetuak. Kasu, nabarmentzekoak izan ziren, zahar-egoitzetan, langileentzako laneko materialik eza, eta, bisitarik ez zeukatenez, egoiliarren emozio-urritasuna. Gauzak horrela, emozio-eskasia hauek heriotza eragin diote egoiliar askori, penaz hiltzea deritzona.

Gizakiak gertatutakoa ahaztu ohi du, eta, honetarako, nire ikuspuntutik, kapitalen pandemiak laguntzen du. Egungo sistemak, gure ongizatea hutsaren hurrengo gauzetan aurkitzeko asmoz, nahi baino askoz azkarrago bizitzera behartzen gaitu, eta inportanteena dena ahaztarazten digu: gertutasuna eta taldea, urruntasunaren eta indibidualismoaren aurrean.

Txertaketa garaia heldu zaigu, eta, antza denez, ekaitzaren ostean beti heltzen da lasaitasuna. Dena dela, ez dezagun gertatutakoa ahatz, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.