Hirunaka behar ditu

Alavesek ligako lehia jokatuko du gaur, Betisen kontra. Mendilibarrek Laguardia berreskuratuko du, eta Escalante hasieratik aritu daiteke

Jose Luis Mendilibar aginduak ematen, Athleticen aurkako derbian. ENDIKA PORTILLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Alaveseko zuzendaritzak taldea zulotik ateratzeko helburuarekin kendu zuen Javi Calleja, eta, haren lekuan, Jose Luis Mendilibar jarri zuen. Zaldibarko teknikaria bi aldiz eseri da arabarren aulkian, eta orain arte ez du galdu. Puntu bana eskuratu zuen Realaren (1-1) eta Athleticen (0-0) aurkako derbietan. Baina, beheko postuetatik aldentzeko, hirunaka batu behar ditu puntuak, eta horretan saiatuko da gaur Betisen zelaian (20:00, La Liga).

Alavesek ez bezala, Betisek partida izan zuen asteburuan. Ez nolanahikoa, gainera. Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketa jokatu zuen, Andaluziako hiriburuko aurkari zuzenaren kontra: Sevilla. Soka luzea ekarri du neurketa horrek. Izan ere, larunbatean bertan behera utzi behar izan zuten, zale batek plastikozko makila bat bota, eta buruan jo baitzuen Joan Jordan Sevillako jokalaria. Azkenean, igandean berrekin zioten norgehiagokari, Benito Villamarinen, ateak itxita. Betis gailendu zen kanporaketan (2-1).

Garaipenak hauspotuta iritsiko da Manuel Pellegrinik zuzentzen duen taldea; atsedenerako 48 ordu eskas izan dituzten arren, Mendilibarrek ez du uste antzemango dutenik: «Uste dut gertatutakoa ahaztu eta arreta osoa gure kontrako partidan jarriko dutela. Betis onena ikusiko dugu».

Pellegriniren taldeaz hauxe nabarmendu zuen: «Lerro artean oso ondo mugitzen diren jokalariak ditu, eta oso ondo moldatzen da kontraerasoan. Adi ibili beharko dugu, eta halako egoerak eragotzi». Gainera, ahulgune bat ikusi dio gaurko aurkariari. «Defentsako lanean ez dira horren sendoak, kosta egiten zaie hainbat egoera defendatzea. Beraz, hori baliatzen ahalegindu behar dugu». Ximo Navarrok min hartuta segitzen du, eta Florian Lejeune zigortuta dago txartelengatik. Gainera, fitxaketa berria, Nauel Tenaglia, oraindik ez dago izena emanda Ligan. Victor Laguardia, berriz, osatu da, eta hasieratik joka dezake, Gonzalo Escalanterekin batera.

Athletic, berriz, itzuli da Saudi Arabiatik, Superkopako finala2-0 galdu ostean, Real Madrilen kontra. Gaur hasiko da ostegunean Bartzelonaren aurka jokatuko duen Kopako partida prestatzen. «Porrot hau ahazteko onena halako partida bat jokatzea da», esan zuen Oscar de Marcosek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.