Mataza askatu zain

Binakakoaren ligaxka amaitzeko lau jardunaldiren faltan, oso estu dago sailkapena. Bengoetxearen azken bi lehiak, otsailaren 21ean eta 26an

Iker Irribarria, ezker gantxoz errematatzen, herenegun, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Mataza bat egina, eta inork askatu zain; halaxe dago Binakako Txapelketaren lehen ligaxkaren sailkapena. Ligaxka amaitzeko lau partida falta direla, oso estu dago dena. Batez ere, lehen postuetan dago saltsa. Izan ere, garaipen bakar baten tartean daude aurreneko lau sailkatuak, eta bira, lehen bostak: Elezkano II.a-Zabaletak zazpi garaipen dituzte; Irribarria-Rezustak, Laso-Imazek eta Altuna III.a-Martijak, sei; Peña II.a-Albisuk, bost; Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Urrutikoetxea-Arangurenek, lau; eta Ezkurdia-Tolosak, bi.

Binakakoa oso txapelketa luzea da, eta gorabehera asko egon ohi dira. Ekitaldi hau ez da salbuespena horretan. Hala, bolada txarrean daude liderrak, iazko txapeldunak. Indartsu hasi ziren, eta lehen zortzi partidetatik zazpi irabazi eta gero, azken biak galdu dituzte. Ez dabiltza fin Elezkano II.a-Zabaleta. Altuna III.a-Martija eta Peña II.a-Albisu, berriz, bolada gozoan daude: Aspekoek azken bost partidetatik lau irabazi dituzte, eta, horri esker, zuzenean finalerdietarako sailkatzeko lehian ari dira; antzekoa egin dute Baikokoek, lehen sei partidetatik bakarra irabazi eta gero, azken lauretan nagusitu ondoren. Irribarria-Rezustak eta Laso-Imazek, berriz, ez dute halako bolada onik harrapatu. Aspekoek dute aukera gehien, azkeneko bi neurketetan gailendu baitira.

Dena nahiko estu ez balego bezala, asteburu honetako partidek beste estutu bat eman diezaiokete. Ostiralean, Elezkano II.a-Zabaletak eta Laso-Imazek jokatuko dute Hendaian (Lapurdi), eta larunbatean, Ezkurdia-Tolosak eta Peña II.a-Albisuk Iruñean. Igandean, berriz, Altuna III.a-Martija eta Jaka-Mariezkurrena II.a ariko dira Donostian, eta Urrutikoetxea-Aranguren eta Irribarria-Rezusta, Etxebarrin (Bizkaia).

Hasiera batean, larunbatean ez zen txapelketako neurketarik jokatuko, Oinatz Bengoetxeak profesionaletako agurreko partida jokatuko baitzuen Iruñean, baina aurrelari leitzarrak ezker izterreko aduktorean hartu zuen min joan den larunbatean, Markina-Xemeinen (Bizkaia), eta atseden hartuko du egun batzuetan. Ondo bidean, otsailaren 21ean jokatuko du azken-aurreko partida, Tolosan, eta 26an azkenekoa, Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.