Ezarian. Zientzia

Gerizpe gehiago ere badira

Exoplanetarik ez zen ezagutzen duela hogei urte pasatxo, eta ia 1.800 daude identifikatuta gaur egun; horietako batzuetan bizitza topatzeko aukerez hitz egin du, besteak beste, Carlos Saenz NUPeko fisikariak.

Lurrarekin antz handiena duenetik txikienera, hogei dira ustez bizitzarako kondizio egokiak izan ditzaketen exoplanetak. PHL @ UPR ARECIBO.
Amaia Portugal.
Donostia
2014ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Erreportaje hau idazteko unean, 1.793 exoplaneta daude zenbatuta eta egiaztatuta. Argitaratzerako, litekeena da zifra hori handitu izana, gaur egun etengabe egiten ari baita gora eguzki sistematik kanpo, Esne Bideko beste izar batzuen bueltan, topatutako planeten kopurua. 1992ra arte, ordea, bakar bat ere ez zegoen identifikatuta. «Eztanda bat izan da. 2000. urtean ehun besterik ez zeuden detektatuta, aurtengo urtarrilean milatik gora ziren, eta Kepler sateliteak beste 700 zerrendatu dituela zabaldu zen lehengo astean», dio Carlos Saenz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisika Saileko irakasleak.

Zientziaren Lagunen Klubak unibertsoari buruzko hitzaldi sorta bat antolatu du Iruñeko Planetarioan hurrengo asteetarako, eta hura inauguratzea egokitu zitzaion atzo Saenzi. Exoplanetak eta horietakoren batzuetan bizitza topatzeko aukerak izan zituen hizpide. «Exoplanetak bilatzeko metodoak bazeuden 1992a baino lehen ere, baina gailuek ez zuten sentikortasun handirik. Teknika izan da gakoa. Belaunaldi berriko tresnek planeta are txikiagoak detektatzeko ahalmena izango dute», azaldu du.

Askotariko metodoak daude exoplanetak aurkitzeko. Doppler efektua baliatuta detektatu dira, esaterako, orain arte topatu direnen erdia, gutxi gorabehera. Bi gorputz erlatiboki mugitzen ari direnean, bien arteko distantzia aldatu ahala, batak bestearengandik jasotzen duen uhinaren maiztasuna txikituz edo handituz doa. Doppler efektua da hori, eta autoen abiadura neurtzen duten radarrak horretan oinarritzen dira, adibidez.

Izarretan ere neur daiteke Doppler efektua. Planeta bat izar baten biran dabilenean, horrek badu eragin txiki bat izarraren beraren mugimenduan. Jupiterren orbitak, esaterako, eguzkiaren mugimendua aldatzen du zertxobait; gutxi, baina Jupiter baino askoz ere txikiagoa diren Martek eta Lurrak berak baino gehiago, adibidez. Exoplanetak txikiegiak dira zuzenean detektatzeko, baina izar baten mugimenduan dauden asaldurak neur daitezke Doppler efektuaren bidez, eta horretan oinarrituta inguruan bueltaka lagunen bat ba ote duen iragarri.

«Gero eta mugimendu ahulagoak eta zehatzagoak antzeman daitezke, eta hori hobetu ahala, masa gero eta txikiagoak detektatzen dira beste baten inguruan. Une honetan, Doppler efektuarekin neurtuta, segundoko metro bateko mugimendua detekta daiteke izar batean. Orduan, planeta nahikoa handia bada, antzeman daiteke», azaldu du Saenzek. Oraindik ere Lurra baino zertxobait handiagoak dira gaurtik gaur identifikatuta eta egiaztatuta dauden exoplaneta txikienak, baina pixkanaka ari dira langa jaisten.

NASAren Kepler sateliteak exoplanetak bilatzeko erabili izan duen metodoa ere nahiko arrunta da: iragateari behatzen diote kasu honetan. Saenzek azaldu bezala, «planeta bat izar baten aurretik pasatzen denean, izar horren argiaren zati bat estaltzen du. Argian gertatzen den aldaketa horrek planeta haren aurretik igaro artean irauten du, orduan, zer abiadura daraman eta zer erradio duen jakin daiteke. Bere diametroa, masa... iragar daitezke». 2009tik iaz matxuratu zen arte, 150.000 izar ingururen distira aldaketei beha egon da Kepler, Esne Bidearen gune zehatz beretik une oro. Bildutako datuak interpretatzen ari dira ikertzaileak gaur egun, huts egin duen behatokiari irtenbideren bat ematen dioten bitartean.

Doppler efektuarekin bezala, iragatearen bidez detektatzen diren planetak bereziki handiak izan ohi dira, edo eguzkia baino izar txikiagoen bueltan dabiltzanak. «Errazagoa da planeta bati antzematea izarra oso deigarria ez denean. Izan ere, izarra oso distiratsua bada, planetak estaliko duen argi zatia txikiegia da eta zailagoa da», esan du Saenzek.

Galdera bat dator etengabe burura exoplanetak hizpide direnean: horrenbeste izar, horrenbeste planeta... ba ote bizitzarik hor nonbait? Gaur egun ez dago erantzunik, baina lehenengo urrats gisa, egiten dira exoplaneta horiek bizigarritasunaren arabera sailkatzeko saioak.

Planetak izarrarekiko duen distantzia da bizigarritasun hori neurtzeko irizpide nagusietako bat, izarrarengandik zenbateko erradiazioa jasotzen duen baldintzatzen baitu horrek. «Gertuegi baldin badago tenperatura handiegia da, eta urrutiegi baldin badago, hotzegia. Erdibideko eremu bat dago, eta horko hozberoa kontuan hartuta, litekeena da planetaren azalean ur likidoa egotea», dio Saenzek.

Hark azpimarratu bezala, gerta daiteke planeta batek baldintza hori bete ez baina lurpean ura ezkutatzea, bai eta ur likidorik behar ez duen eta ezagutzen ez dugun beste bizitza formaren bat egotea, baina nolabait aukerak mugatzearren irizpideak hala definitzen dira gaur egun.

Exoplaneten bizigarritasuna horiek Lurrarekiko duten antzekotasunaren arabera neurtzen duen eskala bat ere badago. «Beste formaren bat duten bizitzak egon daitezke, baina ez dago zalantzarik Lurrak bizitzeko kondizio onak dituela, beraz, hortik has gaitezke bilatzen», dio Saenzek.

Horretarako, Lurraren azaleko grabitatea, tenperatura, ihes abiadura, dentsitatea, harri egitura... hartzen dira kontuan, eta exoplanetak horiekin erkatu. Adibide bat jartzearren, Lurraren antzekotasun indizea 1 baldin bada, Marterena 0,6 da. Orain arte aurkitu diren exoplaneten artean, bizigarritasun baldintza onena duenak (Gliese 667 Cc) 0,85eko emaitza izan du indizean. Izan ere, gero eta antzekoagoak izanagatik, guztiak dira Lurra baino handiagoak.

Dena dela, horiek indizeak besterik ez dira. Planeta baten bizigarritasunaren ageriko seinaleak haren atmosferan daudela azpimarratu du Saenzek; exoplaneten atmosferak behar bezala aztertzeko baliabideak garatuko balira hor egongo litzatekeela gakoa. «Lurraren atmosfera den bezalakoa da bizitza dagoelako; bertako oxigenoak eta nitrogenoak jatorri biologikoa dute. Atmosfera ez zen horrelakoa fotosintesia egiten zuten algak ez zeudenean. Orduan, planeta batek modu globalean bizitza duenean, erreakzio kimiko batzuk izango direla eta atmosferaren konposizioari eragingo diola espero da», adierazi du fisikari horrek.

Eta burura datorren hurrengo galdera: bizitza aurkitzekotan, izango al da bizitza adimendunik? Beste hariko ezpala da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.