Ezarian. Zientzia

NASAren leherketa

NASAk bere historian izan duen porrot handiena izan zen 'Challenger'-en istripua. Aireratu eta 73 segundora suntsitu zen suzko bola batean. Telebistak zuzenean eman zuen hondamendia. Tripulazioko zazpi pertsona hil ziren 1986ko urtarrilaren 28an, atzo 25 urte.

Christa McAuliffe Challenger-en aireratu aurreko trebakuntza probetan. ROMESG.
xabier martin
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ordu arteko bidea eten eta hausnarketa sakon bati ekin zioten NASAn Challenger espazio transbordadorearen leherketa gertatu eta gero. Tragedia latza izan zen, AEBetan batez ere. Estatubatuarren barrualdeak astindu zituzten zuzeneko irudi mingarriek. Ignizioa hasi eta segundo gutxira leherketa txiki bat gertatu zen espaziontzia gora bultzatzen zuen suzirietako batean; lotune batek huts egin zuen. Suak erregai depositu erraldoi osoa harrapatu zuen eta Challenger suntsitu egin zuen.

Politikarien presioak behar ez zenean airera zedin, eraikuntzaren arloko akatsak, presa... aldagai asko aipatu dira NASAren tragedia handiena azaltzeko.

1. Istripua, zuzenean

CNN kateak zuzenean eman zuen aireratzea, baina jende gutxik ikusten zuen orduan kable bidezko telebista. Leherketa izan zenerako kate gehienak ez ziren ematen ari. Haren ostean, denek egin zuten bat berriro, baina irudiak grabatutakoak ziren dagoeneko. Jendeak oroimenean dituen irudiak grabazioak ziren, ez zuzenekoak.

2. Leherketa

Egon zen leherketarik, baina ez teknikoki. Tanke nagusitik ihes egindako oxigeno eta hidrogeno likidoek su hartu zuten, eta suzko bola erraldoi bat eragin zuten 15 kilometroko altueran, baina ez zen detonaziorik egon. Izan ere, erregai suziriek hegan jarraitu zuten. Indar aerodinamikoek suntsitu zuten espaziontzia. Norabidea aldatu zuen aske geratu zenean, eta horrek galdu zuen.

3. Suzirien errua

Erregai suziriak ez zirela seguruak esan izan da, politikarien esku-hartzeak egon zirela. Argi dago akatsak zituztela, horietako akats batek eragin zuelako tragedia. Kontua da segurtasun parametro batzuen barruan erabili behar zirela. Hala egin ote zen? Suzirien lau aldeak batzen zituzten lotuneetako batetik irten zen erregaia. Lotune horien fabrikatzaileek tenperatura jakin batzuetara erabiltzeko zirela esan zuten, eta istripua gertatu aurretik bi ingeniarik ohartarazi zioten NASAri hotz handiegia zegoela CaƱaberal lurmuturrean. Hala ere, ignizio botoia sakatu zuten.

4. Politikarien ardura

Ronald Reagan orduko AEBetako presidenteak batasunaren egoerari buruzko eztabaidan astronautekin zuzenean hitz egin nahi zuela-eta, Challenger presaren presaz aireratu zela diote. Baina, NASAren barruan ere bazegoen presioa. Behin baino gehiagotan atzeratu zuten jaurtitzea, eta espaziontziak bi zunda espazioratu behar zituen. Zundak espazioratzeko epea amaitzen ari zen.

5. Beharrezkoa

NASAko hainbat agintarik bere garaian esan zuten aurrera egiteko derrigorrezkoa zela halako istripu bat. Euren jarrera garbitzeko baino ez ziren izan hitz horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.